Hegaztien Nazioarteko Egunerako irteera antolatu du Zumaiako Natur Taldeak
Orx eta Saint Martin de Seignanx paduretara egun pasa egingo dute. Izen-ematea irailaren 29a arte egongo da irekita, Zumaiako Turismo Bulegoan.
Urriaren 3an ospatuko da Hegaztien Nazioarteko Eguna mundu osoan eta hori aitzakia hartuta, Zumaiako Natur Taldeak irteera berezia antolatu du. Orx eta Saint Martin de Seignanx paduretara joango dira. Landetan (Akitania) dago Frantziako ehiztariek babestutako eremu hau eta mota ezberdinetako hegazti ugari bizi dira bertan: basahatea, zertzeta, murgilari arrunta, lertxun auskara, lertxuntxo handia, lertxuntxoa, bernagorria, kuliska zuria, hegabera, kuliska gorria… Bestelako animalien artean, bertako dortoka, igel mota batzuk, bisoi europarra, koipua, karpa, aingira, etab. ikus daitezke.
Izen-ematea zabalik
Izen-ematea irekita egongo da irailaren 29a arte eta interesatuek Zumaiako Turismo Bulegora jo beharko dute apuntatzera. Helduek bost euro ordaindu beharko dute eta haurrentzat doakoa izango da ibilaldia. Urriaren 3an, goizeko 8:30ean aterako dira Zumaiako taxi geltokiaren aurretik eta hegaztiak ikuskatzeko prismatikoak edo teleskopioa eramatea gomendatzen da (izanez gero). Bazkaria ere norberak eraman beharko du. Apuntatzen den jende kopuruaren arabera zehaztuko da garraiobidea.



