Heldu da zuntz optikoa Joxe Mari Korta eta Estazioko poligonoetara

2018/08/10

Erakunde askorekin azken 3 urteotan lankidetzan aritu ostean, dagoeneko martxan da zuntz optikoa aipatu bi poligonoetan. Halaber, Zumaiako gainerako industria gunetara ere zabalduko dela azaldu du Udalak eta hedapen hori urtea bukatu aurretik amaituta izatea aurreikusi du.

Zumaiako industria indartu eta bultzatzen jarraitzeko konpromisoari helduta, gobernu taldeak Udalean sartu orduko heldu zion herriko poligonoetan zuntz optikoa jartzeko prozesuari, ezinbestekotzat jotzen baitzuen bertako enpresen lehiakortasuna bermatzeko internet zerbitzu egokia jartzea.

Hori lortzeko bideak, ordea, luze jo du. Legealdia hasi zenetik, 3 urtetan zehar erakunde ugarirekin aritu da Udala etengabeko lankidetzan eta hainbat bilera egin eta hitzarmen sinatu ostean, dagoeneko heldu da zuntz optikoa Joxe Mari Korta eta Estazioko Poligonoetara.

Joxe Mari Kortan, hain zuzen, joan den uztailaren 30ean jarri zein martxan eta Estazioko industria gunean, aldiz, maiatzaren 14an. Internet zerbitzu horren helburu nagusia da bertako enpresen lana zein ekoizpena hobetu, indartu eta zabaltzen laguntzea, eskainitako zerbitzuak lehiakorragoak eta egungo egoera eta beharretara egokituak izan daitezen.

Horiek horrela, Euskaltel enpresa da zuntz optikoa hedatzearen arduraduna eta jakinarazi duenez, Joxe Mari Korta eta Estazioko poligonoaz haratago, dagoeneko lanean dira Xey, Larra eta Txikierdiko industria guneetan ere, 2018a amaitu aurretik, zuntz optikoa martxan egon dadin.

Ildo horretan, Udala oso kontentu azaldu da “aurrera pauso horri esker, Zumaiako industria bultzatzeaz gain, herriko poligono eta enpresa guztiak zuntz optikoak eskaintzen dituen abantailez baliatu ahal izango direlako, zerbitzuak aurrera eraman eta haien lehiakortasuna bermatzeko".

Amaitzeko Udalak eskerrak eman dizkio Foru Aldundiari eta bereziki Spri taldeari, Jaurlaritzako enpresa garapenerako agentziari, proiektua aurrera eramateko diru-laguntzak eskaini eta zuntz optikoaren hedapen lanetan zuzenean eta aktiboki parte hartu izanagatik.