Hemen ditugu San Pedro Jaiak!

2018/06/22

Hilaren 28tik uztailaren 1era ospatuko ditugu aurtengoan jaiak eta urtero bezala, ekintza egitarau zabala antolatu du Udalak: danborrada, pilota partidu profesionalak, estropadak, boxeo jaialdia, txarangak, kontzertuak, su artifizialak… Udalak eskerrik beroenak eman dizkie herriko talde, elkarte eta eragileei haien lan eta inplikazioagatik. Halaber, iaz egin bezala, festetan zehar udaltzaingo zerbitzua 24 orduz eskainiko dela ere jakinarazi du

Urtea ziztu bizian pasa eta konturatzerako, Santelmoen ondoren, hemen ditugu berriro San Pedro festak beste urte batez Zumaiako kaleak girotzeko prest.

Horretarako, urtero bezala, herriko elkarte eta eragileekin elkarlanean ekintza egitarau zabala antolatu du Udalak eta horren baitan, adin guztiei zuzendutako ekitaldi, jolas, kontzertu eta ekintzak txertatu ditu herri guneko leku desberdinetan, guztiek goza dezaten herriko festez.

Hilaren 28an arratsaldeko 18:00etan emango diegu, txupinazoaren bitartez, ongietorria herriko jaiei, baina horren aurretik, goizean, LGTB egunaren harira “Berdintasunerantz” klariona tailerra egingo da, Odietan, non, haurrek, mural bat margotuko duten lurrean klarionez baliatuta.

Behin jaiak inauguratuta, txarangaren kalejira, sanpedroetako danborradaren irteera (Sagarbidetik) eta herriko banderaren jasotzea egingo dira, azken hori 20:00etan udaletxean. Gau partean, iazko ekimenari jarraiki eta ekainaren 28an LGTB eguna dela aintzat hartuz, egun hori ospatzeko disko-festa eskainiko da, gaueko 22:00etan, Kofradian, Dj Unai Goikolearen eskutik.

Hilaren 29an, San Pedro eguna izanik, goizean goiz hasiko dira Zumaian eguneko lehen ekitaldiak. Noski, 09:00etan diana egingo da Tolosako dultzaineroekin, alkate soinuaz, prozesioaz eta meza nagusiaz jarraituta.  Ondoren, egunean zehar, beste hainbat ekintza eta ekitaldi egingo dira, hala nola: Musika Bandaren kontzertua, haurrentzat jolas zein tailerrak, txarangaren kalejira, eskupilota partidu profesionalak Aitzurin…

23:00etan su artifizialak eskainiko dira Astondoa piroteknia etxearen eskutik eta jarraian, dultzaineroak kalejira egingo dute Arranplatik hasita Eusebio Gurrutxaga plazaraino. Ondoren dantzaldia egongo da bertan Musika Bandarekin.

Eta asteburuan ere ekintza ugari izango dira aukeran: herri kirolak, beteranoen estropadak, boxeo jaialdia edota Rockalean eta diskoteka Oihan Vegaren eskutik larunbatean eta artisau azoka, Falcons de Vilafranca kalejira edota mariatxien kontzertua igandean.

Ekintza egitarau zabal horren harira, Udalak eskerrak eman dizkie antolakuntzan parte hartu duten elkarte eta eragile guztiei eta herritar guztiak animatzen ditu ekitaldi zein ekintzetan parte hartu eta festez gozatzera.

Prebentzioa eta segurtasuna ardatz

Halaber, pertsona ororen ongizatea bermatzea izanik Udalaren helburu nagusietako bat, aurreko bi urteetan egin bezala, aurten ere, 24 orduz eskainiko du festetan zehar udaltzaingo zerbitzua.