Herri-aurrekontuen prozesuan jasotako ekarpenak aztertzen ari da Udal Gobernua

2012/11/09

2013. urteko Herri aurrekontuak osatzeko prozesua egin zen urrian, eta orain, aurrekontuak osatzerakoan, ekarpenak aztertzen ari da. Abenduan, 2013ko aurrekontuen zirriborroa aurkezteko beste bilera bat egingo du Udalak.

 

Urrian egin zen arloz arlo 2013. urteko Herri-aurrekontuak herritarren partaidetza bidez osatzeko prozesua. Azken urteotan bezala, aurtengoan ere izan dute herritarrek ekarpenak egin eta aurrekontuetan eragiteko aukera.

Urtez urte prozesua egokitzen joan da, eta aurten udal arduradunek zuzenean gidatu dituzte bilerak; inongo bitartekaririk gabe. Arlo bakoitzari zuzendutako bi bilera egin dira; lehena, informazioa emateko, eta, bigarrena, arlo bakoitzari dagokion aurrekontuen zirriborroa egiteko. Bilera horietaz gain, aurrekontuak nola osatzen diren azaltzeko bilera orokor bat ere egin zen, eta Narruondo, Artadi eta Oikian ere bildu dira udal ordezkariak herritarrekin, auzoetako egoeraren berri izan eta ekarpenak jasotzeko.

Zumaiako Udalarentzat garrantzitsua da herritarrei parte hartzeko aukerak ematea. Azken urteotan gai ezbedinen inguruan ireki ditu prozesuak, eta bide horretan jarraituko du hemendik aurrera ere. Aurtengo herri aurrekontuen prozesuan ez du guk espero adina herritarrek parte hartu, baina nahi izan duenak izan du aukera. Eta aukera hori ematea bera beharrezkoa ikuste du Udal Gobernuak.

Zumaiako Udalaren ustez, zenbat eta herritar gehiagok ekarpenak egin, orduan eta aukera gehiago dugu herritarren beharrei egokitutako aurrekontuak osatzeko. Bileretan zein postontzietan jaso ditugu ekarpenak, eta Zumaiako Udal Gobernua ekarpen horiek aztertzen ari da, aurrekontuen zirriborroa osatzearekin batera.

Parte hartze prozesuan jasotako ekarpenei erantzuna eman eta 2013ko aurrekontuen zirriborroa aurkezteko, abenduaren bilera egingo du Udalak. Prozesuan parte hartu duten guztiei zein hurrengo aurrekontuen nondik-norakoak jakin nahi dituzten guztiak bertan parte hartzera animatzen ditu Udalak.