Herri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa EAEn, 1981-2011

2015/03/18

UEMAk eskatuta, Iñaki Iurrebasok herri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa aztertu du, eta egindako azterketa horren berri eman zuen martxoaren 17an Zumaian. Lehenengo eta behin, argitu zuen ez dela ikerketa propiorik egin eta EUSTATek egiten duen biztanleria erroldako puntu batzuk aztertu direla, alegia: hizkuntza gaitasuna, lehengo hizkuntza eta etxeko hizkuntza, hiru galdera horien datuak multzokatuta ondorioak ateratzea izan da bere lana. Ikerketa gainera, EAEko herrietara mugatu da eta azterketa deskriptibo hutsa izan da.

 

Aztertu direnak udalerri euskaldunak izan dira (euskaldunen kopurua %70etik gora dutenak). Guztira 126 herri dira, horietan herritarren %15 bizi da, eta euskaldunen %30. Herri txikiak dira gehienak (batek ere ez du 25.000 biztanleko muga gainditzen) eta batez ere Gipuzkoan daude.

Azterketaren emaitza nagusia da, udalerri euskaldunak gaur egun ez direla "hain" euskaldunak, %72k daki euskaraz udalerri euskaldunetan. Eta izan duten bilakaera aztertuta datu hauek ateratzen dira:

-         Ezagutza apur bat jaitsi egin da udalerri euskaldunetan azken 10 urteotan, eta euskarak atzera egin du haietan azken bi hamarkadatan (gainerako udalerrietan ez)

-         Lehengo hizkuntza euskara zutenen kopurua gehiago jaitsi da udalerri euskaldunetan gainerakoetan baino. Eta etxeko erabilera jaitsi egin da udalerri euskaldunetan (gainerakoetan igo egin da apur bat)

-         Udalerri euskaldunenetan izan dira galerarik handienak bai ezagutzari dagokionez, bai lehengo hizkuntzari dagokionez eta bai etxeko erabilerari dagokionez ere.

 

Eta Zumaian zer?

Zumaiako bilakaera ere beste herri euskaldunetakoa bezalakoa izan da joerari dagokionez, hala ere, esan liteke bilakaera hobea izan duela euskarak beste herrietan baino. Ezagutzari dagokionez gainerako herri euskaldunetan baino gehiago aurreratu da Zumaian 30 urtetan, %59tik %72ra pasa baita.

Lehen hizkuntzari dagokionez ere, Zumaiako bilakaera ez da hain negatiboa %60tik %56ra.  Beraz, esan bezala, gainerako herri euskaldunek baino bilakaera hobea izan du Zumaiak.

Etxeko erabileran ere beherakada orokorra baino txikiagoa izan da Zumaian, %47tik %45era.

Beraz, nahiz eta azken hamarkadetako joera negatiboa izan gurean ere, herri euskaldunen artean bilakaera datu positiboak ditu Zumaiak.