Herri lasterketan haurtzaindegi zerbitzua eskainiko da

2011/02/18

Korrikalariek 16:30etatik 18:30ak bitartean utzi ahalko dituzte haurrak haurtzaindegian

 

Otsailaren 26an izango da Zumaiako Herri Lasterketa, eta Zumaiako Udalaren Berdintasun eta Kirol sailek, elkarlanean haurtzaindegi zerbitzua eskainiko dute. Zerbitzu hori lasterkarientzat izango da, eta helburu nagusia emakumeen parte hartzea sustatu eta haurrak dituzten lasterkariei beren umeak uzteko zerbitzua eskaintzea da.

Haurtzaindegi zerbitzua 16:30etatik 18:30ak arte eskainiko da, Gaztetxolan (turismo bulegoaren ondoan). Haurrak bertan utzi nahi dituzten lasterkariek, dortsala jasotzerakoan  haurtzaindegi zerbitzurako orria eskatu beharko dute. Ondoren, paper hori haurtzaindegian aurkeztu beharko dute. Haurtzaindegian ezingo dira urtebete baino gutxiagoko haurrak utzi.

 

Izen ematea zabalik

 

Herri lasterketan parte hartu nahi dutenek, oraindik eman dezakete izena. Horretarako, proba egunaren aurretik, www.kirolproba.com-en bidez egin behar da. Probaren egunean, bertan, itsas kiroldegian izango da postua izena emateko.

 

Probaren informazio osoa kontsultatzeko klikatu hemen.