Herrian barrena mugitzeko autobus zerbitzua eskainiko du Zumaiako Udalak uztailaren 1etik aurrera

2018/06/21

Herrian auto gehien ibiltzen den garaian horien erabilera murriztu nahi du Udalak, horrela, herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatuz. Txartelak denda eta tabernetan erostea bultzatu nahi da eta horiek saldu nahi dituzten ostalari eta merkatariak turismo bulegoarekin harremanetan jarri behar dira

Udalak herrian barrena mugitzeko autobus zerbitzua martxan jarriko du uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Zerbitzu hau eskainiko den lehen aldia izango da eta, txu-txu trena ordezkatzeaz gain, helburu izango du, ibilgailu gorakadaren garaian, herrian autoen erabilera murriztea eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea.

Autobus zerbitzua erabili ahal izateko txartelak lortzea beharrezkoa izango da eta Udalaren helburua da horiek herriko denda, ostatu edota tabernetan eskuratu ahal izatea. Horrela, helburu bikoitza bete nahi da, batetik, autobusaren funtzionamendua erraztea eta ordutegia betetzea, izan ere, herritar guztiek txartelak autobusean bertan erosiz gero ilarak sortu daitezke eta, horrela, zerbitzua moteldu. Bestetik, herriko merkataritza sustatzea ere badu helburu Udalak, izan ere, txartelak erostearekin batera herritarrek dendan edo tabernan kontsumitzea bultzatzeko aukera zabalduko bailuke.

Beraz, txartelen salmentan parte hartu nahi duten merkatari eta ostalariek turismo bulegoarekin harremanetan jarri beharko dute. Halaber, Udalak azalpen bideo bat prestatuko du autobus zerbitzuaren nondik norakoen berri emateko eta, horretan, txartelak salduko dituzten establezimenduak aipatuko dira herritarrei non eskuratu ditzaketen ezagutarazteko.

Autobusa erabiltzeko txartelen kostua 50 zentimokoa izango da, baina aurrez 5 txartel erosita seigarrena dohain izango da. Beraz, 2,50€ren truke 6 txartel eskuratu ahal izango dira.

Kolore desberdinetako txartelak egongo dira, baina guztien balioa bera izango da, hau da; bidaia bat. Gauzak horrela, ordaindu behar dena txartel arrunta izango da baina horrez gain ordaindu beharko ez diren beste hiru txartel mota egongo dira, kolore desberdinetakoak.