Herriko 18 merkatarik parte hartuko dute asteburuan egingo den Outlet Azokan

2010/02/24

Otsailaren 27a eta 28an, 10:00etatik 20:00etarako ordutegian egongo da zabalik azoka Kantauri plazan.

 

Pixkanaka tradizio bihurtzen ari da Zumaian Outlet Azoka. Herriko Merkatarien Zumaia elkarteak antolatu ohi du eta asteburu honetan egingo dute, larunbat eta igandean. Kantauri plazan prestatuko dituzte postuak eta bi egunetan 10:00etatik 20:00etarako ordutegian egongo da zabalik azoka.

Guztira, herriko 18 merkatarik jarriko dute stand-a azokan eta erosketak egiten dituztenen artean 20 euroko 30 txartel oparituko dituzte.

Azoka girotzeko ekitaldiak

Horrekin batera, eta azoka girotu asmoz, hainbat ekimen antolatu dituzte merkatari elkartekoek. Batetik, txorizo eta sagardo postua jarriko dute Kantauri plazan eta horrez gain, diskofesta izango da larunbatean eta igandean, 18:00etatik 20:00etara. Txikienentzako, berriz, puzgarriak eta zezen mekanikoa antolatu dituzte iganderako.

Outletak eskaintzen dituen abantailak aprobetxatzeaz gain, herriko merkatariei bultzadatxoa eskaintzeko aukera aparta izango da.