Herriko beharrei egokitutako aurrekontuak zumaiarrekin elkarlenean osatzeko prozesua egingo da, urrian
Elkarlanean, herritarren beharrei erantzungo dieten aurrekontuak osatu nahi ditu Udalak. Horretarako, beste urte batez jarraian prozesu bat jarriko du abian, urrian. Herritarrek prozesuan parte hartzeko bide ugari izango dituzte.
Elkarlanean emaitza hobeak lortzen direla sinetsita dago Udala, eta horretan dihardu arlo eta ekimen ugaritan. Urtearen bukaera iristearekin bat, hasi gara 2013ko aurrekontua osatzeko lanetan. "Azken urteotan bezala, herritarren partaidetzaren eta elkarlanaren fruitu izatea lortu nahi ditugu aurrekontuak. Ezinbestekotzat jotzen baitugu elkarlana herriaren erronkei aurre egin eta norabidea finkatzerako garaian", azaldu du Maitane Agirre parte hartze zinegotziak.
Garaiotan, inoiz baino gehiago, "herritarren beharrei erantzungo dieten aurrekontuak osatu" nahi ditu Udalak, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dute "herritar eta herriko eragileen partaidetza eta laguntza" aurrekontuak osatzerako garaian. "Beste urte batez jarraian, beraz, aurrekontuak guztiok batera osatzeko bideak irekiko ditugu" jarraitu du Agirrek.
Aurrekontuak osatzeko garaian, orain gutxi egindako Plan Ekonomiko Finantzarioa izango dute ardatz: "Izan ere, udaberrian Udalak egin zuen 3 urterako plan horrek zehazten ditu Udalak izan ditzakeen gehienezko gastuak zenbait arlo edo kapitulutan".
Hori horrela, urrian arlokako bilerak egingo ditu Udalak elkarteekin eta eragileekin.
Prozesua
Aurtengorako, aurreko urteetako esperientziak kontuan izanda, hainbat aldaketa egin dira. Azken urteotako esperientziak horrelako prozesuak geure kabuz aurrera emateko babesa eman digu. Aurten, inolako bitartekaririk gabe zinegotzi eta teknikariek gidatuko ditugu bilerak. Herritarrekin batera ariko gara aurrekontuak osatzeko lanean. Hala, arlokako bilerak egingo ditugu. Hasteko, zinegotzi eta teknikarien artean aztertu ditugu aurreko urteetako aurrekontuak, eta zenbait arlotan osatuta dauden foro edo mahaietan ere lantzekoak gara. Ondoren, bi bilera erronda egingo dira.
Hasteko, urriko lehen bi asteetako bileretan aurrekontuak nola osatzen diren, eta departamentu bakoitzaren inguruko xehetasunak azalduko ditugu. Bilera horietan, zinegotzi eta teknikariek iazko aurrekontuak nola banatu ziren eta zein proiektu edo ekimen eman diren aurrera azalduko ditugu. Ondoren, eragile zein herritarrek beren zalantza edo galderak egiteko aukera izango dute.
Prozesuari hasiera emango dion bileretako bat ogasuna izango da. Bilera horretan udaleko sarrera irteeren berri emango da; hau da, aurrekontuak nola osatzen diren azalduko da. Herritar ororentzat interesgarria izan daitekeela uste dugu.
Urriko azken bi asteetan beste bilera erronda egingo da. Bilera horien helburua izango da arlo bakoitzeko aurrekontu proposamen bat osatzea. Ondoren, Udalak aurrekontu horiek berraztertuko ditu, eta ahal den heinean mantendu egingo ditu.
Arlokako bilera horiez gain, Udala Oikia, Narruondo eta Artadiko bizilagunekin ere bilduko da, aurrekontuez hitz egin eta auzoen egoeraren berri jasotzeko.
Proposamenak egin
Zumaiako Udalak, aurreko urteetan bezala, aurtengoan ere bileretara joan ezin dutenentzat informazioa jaso eta proposamenak egiteko bideak jarriko ditu. Alde batetik, webgunean atal berezia du parte hartze prozesuak, eta bertan bilera bakoitzean azaldutako informazioa eskuratzeko aukera izango da. Nahi duenak, udaletxean bertan ere izango du eskuratzeko aukera.
Proposamenak bideratzeko, berriz, webguneko atalean du proposamenak bidaltzeko aukera. Bestela komunikazioa@zumaiakoudala.net helbidera bidali ditzakezu zuzenean proposamen edo iradokizunak. Horretaz gain, aurreko urteetan bezala postontziak jarriko dira. Iaz bezala, Alondegiko sarreran (Erribera kaleko sarreran) izango da postontzia, eta auzoetan ere jarriko dira (Narruondon, Oikian eta Artadin). Eta nola ez, udaletxera etorri eta sailean bertan zuzenean proposamena egin nahi duenak ere aukera izango du.
Buzoi horiek, beste berrikuntza baterako ere erabiliko dira. Datorren astean, Udalak herriko etxe guztietara inkesta bat bidaliko du, zenbait proiektu edo egitasmoren inguruan galderak luzatuz. Herritarrak, inkesta bete eta postontzietakoren batean uztera animatu nahi ditu Udalak. Horrela, herritarren iritzia jasotzeko beste bide bat urratu nahi da.
Honako hau izango da egutegia:
Bilera guztiak 19:30ean izango dira (Turismo eta merkataritza arlokoa izan ezik).
Urriak 8:
Ogasuna (udaletxean)
Hirigintza eta zerbitzuak (Alondegian)
Urriak 9:
Euskara eta hezkuntza (Alondegian)
Gizarte zerbitzuak (Brankan)
Urriak 10:
Turismo eta merkataritza (Alondegian, 20:00etan)
Kirola (udaletxean)
Urriak 11:
Artadin (elkartean)
Urriak 15:
Ingurumena (udaletxean)
Urriak 16:
Kultura (Alondegian)
Berdintasuna, gazteria, aniztasuna, parte hartzea (udaletxean)
Urriak 17:
Oikian (elkartean)
Urriak 18:
Narruondon (elkartean)
Urriak 22:
Hirigintza eta zerbitzuak (Alondegian)
Ingurumena (udaletxean)
Urriak 23:
Euskara eta Hezkuntza (Alondegian)
Gizarte zerbitzuak (Brankan)
Urriak 24:
Kirola (udaletxean)
Turismo eta merkataritza (Alondegian, 20:00etan)
Urriak 29:
Kultura (Alondegian)
Berdintasuna, gazteria, aniztasuna, parte hartzea (udaletxean)



