Pilotaleku irekiak, skate parkea eta hainbat jolas-parke erabili daitezke dagoeneko

2020/06/10

Amaia plazako, Basadiko eta Bidabeazpiko jolas-parkeek itxita jarraituko dute datorren aste hasierara arte, konponketa lanak egiten ari direlako. Herritarrek gainontzeko eremuak erabili ahal izango dituzte gaurtik aurrera, betiere distantzia eta osasun-neurriak beteta.

Gaurtik aurrera berriro erabili ahal izango dira Zumaiako pilotaleku irekiak, skate parkea eta jolas-parke gehienak. Udaltzaingoan dagoeneko kendu ditu herrigunean zein auzoetan erabili daitezkeen eremuetako balizatzeko zintak.

Amaia plazako, Basadiko eta Bidabeazpiko haur parkeek itxita jarraituko dute datorren aste hasierara arte, aldi honetan parkeetako lurra konpontzen ariko baitira; parke horiek balizatuta jarraituko dute konponketa lanak bukatu bitartean. Eskoletako parke eta frontoiek ere itxita jarraituko dute Hezkuntza Sailaren irekitzeko baimena eman bitartean.

Gune horiek guztietan distantzia eta osasun-neurriak errespetatu beharko dituzte, eta Udalaren izenean eskatu dute gune horietan ere jende pilaketak saihesteko ahalegina egiteko, beharrezkoa denean txandakako erabilera eginez.