Herriko memoria industriala berreskuratzen

2015/03/16

Nolakoa zen gure herria? Zein izan da bere bilakaera? Gaur egin gelditzen al dira garai zaharretako ondare industrialaren arrastoak?

Tarte hau Zumaiako artxiboan aurki daiteken informazio oparoaz aritzeko erabili izan dugu. Zumaiako historia gordetzen duten liburu eta orri horiek eman dezaketen informazioaren erakusleiho bezala. Bertan gordeak dauden dokumentuetan murgildu, igerian egin eta lerro hauek beteko dituzten altxor txikien bila ibiltzen gara horretarako.

Oraingoan, ordea, ez gara gu izan artxiboan murgilduta ibili garenok herriko historiaren sarea josten duten harien korapiloak askatuz. Kalean ibili bazarete, konturatuko zineten herriko zenbait txokoetan informazioz beteriko panel berriak jarri direla. Herriaren iragan industrialaren erakusgarri izan nahi duten 10 panel, hain zuzen. 

Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroa (ZIIZ) izeneko herriko taldeak jarri ditu Udalaren eta Geoparkearen laguntzaz. Panel horiek helburua, gure hilabetekari xume honen antzera, herriaren iraganaren berri ematea da. Taldeak urte batzuk daramatza bertako industri ondarea ikertzen eta informazioa biltzen. Iturri desberdinak erabili dituzte horretarako; horien artean Zumaiako artxiboa ezinbestekoa izan da iragan industrial oparoa ezagutzeko.

Garena ulertzeko nondik gatozen ezagutzea ezinbestekoa dela esan ohi da sarritan. Ziur behin baino gehiagotan entzun dugula iragana ezagutu behar dela gertatutakoa berriro errepika ez dadin. ZIIZ taldea ondarearen balioaren eta herriaren memoria ez galtzearen garrantziaren jakitun da. Han eta hemen informazioa biltzeko ardura izateaz gain, informazio hori ezagutzera emateak duen garrantzia ere ezagutzen dute. ZIIZekoek jarri dituzten panelek Zumaiako iragan industriala ezagutzera eman eta ez ahazten laguntzen dute. Herriak azken urtetan bizi izan duen aldaketa nabarmenena gogora ekartzen dute. Harrigarria da paneletan agertzen diren argazkiak ikusi eta herria nola itxuraldatu den ikustea. 

Pertsonak animalia sozialak gara. Taldean bizitzeko beharra dugu. Hori horrela, iragan pertsonala dugun bezala, ezin dugu ahaztu iragan kolektiboa ere badugula. Gure familia eta arbasoen argazki eta dokumentuak maitasunez gordetzen ditugun bezala, artxiboetan gure iragan kolektiboaren dokumentu eta irudiak gordetzen direla konturatu behar gara. Bertako informazioak erakusten digu Zumaia nola iritsi den gaur egun ezagutzen dugun bezala izatera. Horregatik, familiako argazki eta dokumentuak baloratzen ditugun bezala baloratu beharko genituzke artxiboko agiriak ere.

Herrian kokatu diren panelak iraganaren zati bat argiztatu dute eta, besteak beste, Udal artxiboko dokumentuek gorde dezaketen informazioaren erakusle dira. Hemendik, Zumaiako artxibora gerturatu eta bertan gordetzen diren altxorrak deskubritzera animatu nahi zaituztegu. Familiako argazki albuma noizean behin berrikusten dugun bezala, noizean behin ere artxiboa bisitatzeko ohitura hartzera; Alzheimer kolektiboan erortzea saihesten duen pauso garrantzitsua ematera.

 

*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.