Herritarrek Parte hartzeko Programa onartu dute osoko bilkuran, Zumaiako HAPO gauzatzeko lehen pausua

2020/02/28

Udaleko eta Kirol Patronatuko langileen soldata igotzea, eta Udaltzaingoko Agente Lehen postuaren hizkuntza eskakizuna betetzeko epea luzatzea ere onartu dituzte, besteak beste.

Udalbatzak aho batez onartu du Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren idazketa prozesua martxan jartzea. Udalbatzak HAPO gauzatzeko oinarriak jarriko dituen Parte Hartze Programa onartu du osoko bilkuran. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin betiko onarpenera bitartean, hainbat fase izango dituen prozesu “luze eta konplexua” egingo du Udalak. Prozesu horretan, “ezinbestekoa” izango da herritarren parte hartzea.

Udal Gobernuko kideek plenoan azaldu dutenaren arabera, parte hartzea hainbat jardueratan oinarrituko da, eta jarduera horien bidez, hiri-antolamenduari buruzko eztabaida publiko eta sozialak sustatuko ditu Udalak. Hala, Zumaiako etorkizuneko plangintzari buruzko hausnarketarako topaguneak sortuko dituzte, zumaiar orori zuzendutako parte hartze prozesu publiko baten bidez. Horietan, herritarren ekarpenak jasoko dituzte, udalerriko premiak jaso eta egiaztatu eta ekarpen horiekin eduki teknikoa aberasteko. Ekarpen horiek hurrengo faserako erabilgarriak izango dira; Zumaiako HAPOren Aurrerakina idazteko, zehazki.

Udaltzaingoaren egituran aldaketak

Osteguneko plenoan Udaltzaingoaren baitako Agente Lehen postuari dagokion hizkuntza eskakizuna eskuratzeko epea luzatzeko erabakia ere hartu dute. Udaltzaingo postu arruntari euskarazko 2. hizkuntza eskakizuna eskatzen zaio; Agente Lehen postuari, 3. perfila. Egungo udaltzainek perfil hori eskuratzeko aukera eduki dezaten, epea luzatzea erabaki dute, EH Bilduren eta PSEren aldeko botoekin eta EAJren aurkako botoekin.

Asier Arakistain Pertsonaleko zinegotziak azaldu zuenez, azaroan 2020rako aurrekontuetan Udaltzaingoaren egituran aldaketak onartu zituzten, “egungo beharrei erantzuteko”. Hala, Agente Lehen postua “beharrezkoa” dela eta, maila bereko beste bi postu gehiago sortzeko erabakia hartu zuten. Erabaki horren bidez, txanda bakoitzean Agente Lehen bat egongo da, txandaren koordinazioaren ardura izango duena, eta hiru udaltzain; hau da, txandako lau udaltzain ariko dira lanean.

Egun, Udaltzainburuaz gain, Agente Lehen postu bat dago, inoiz bete ez dena. Horretaz gain, txanda bakoitzean hiru udaltzain daude, guztira 9 udaltzain. 2020rako aurrekontuetan onartutako aldaketarekin, lehendik zegoen Agente Lehen postu horretaz gain, beste bi postu sortuko dituzte, txanda bakoitzean hiru udaltzain eta Agente Lehen bat egon daitezen.

EAJko ordezkariek desadostasuna agertu dute Udaltzaingoaren egitura berriarekiko. Horien arabera, “ez dira hiru Agente Lehen behar; dagoen benetako arazoa udaltzain arruntak edukitzea da, plantilla bermatzea”. Kritika horri erantzunez, Arakistainek azaldu du, Udaltzaingoaren egituran aldaketak egitea jada aurrekontuetan onartu zela eta egoera horri erantzuteko Zumaiako Udalak lan poltsa propioa sortu berri duela.

Orain artean Arkauteko zerrendetatik lortzen ziren udaltzainak, eta Ertzaintzaren zerrendak irekitzean, beste udalerri askotan gertatu den moduan, Zumaiako Udaltzaingoan ere arazoak sortu dira udaltzain postuak betetzeko. Egoera horri erantzuteko, lan poltsa propioa sortzearekin “borondate nahikoa” agertu dutela zehaztu du Iñaki Ostolaza alkateak.

PSEko ordezkaria “harrituta” agertu da EH Bilduk proposatutako hizkuntza eskakizunaren aldaketarekin. Marañonek ere desadostasuna agertu du Udaltzaingoaren egitura berriarekiko, baina hizkuntza eskakizuna eskuratzeko epea luzatzea egokitzat jo du, eta “horregatik” eman du baiezko botoa.

Bestalde, Zumaiako Udaleko eta Kirol Patronatuko langileen soldatari legezko igoera aplikatzea ere onartu dute, aho batez.

Kartelak eta iradokizunak

Galdera-eskarien txandan, EAJren izenean Oier Korta zinegotziak kartelen, pankarten eta margoketen inguruan galdetu dio Iñaki Ostolaza alkateari; “Batzordean emandako azalpenak zumaiar guztiek jakitea merezi dutela” esan dio. Alkateak adierazi zuenez, “irizpideak EAJren aurreko Udal Gobernuak aldatu aurreko berdinak” direla erantzun zion. Astelehenero kentzen ditu Udalak eremu publikoan dauden kartel eta pankartak. Paneletan dauden kartelak asteazkenetan kentzen dituzte. Margoketen kasuan, irizpide orokorra eremu publikoan daudenak kentzea dela azaldu du; “iraingarria den adierazpenen bat badago” berehala kentzen ditu Udalak.

Horretaz gain, Kortak argipena eskatu dio Udalaren baimenarekin epe luzeagoan jarrita egoten diren kartel eta pankarten inguruan. Alkateak erantzun dio hainbat eragile sozialek Udalari eskaera egin izan diotela beren adierazpenak ez kentzeko (hala nola, erresidentzietako langileen mugimenduak, pentsionistek edota Euskara Taldeak), eta Udalak eskaera horiei baiezkoa eman diela.