'Herritarrekin'. Parte hartzeko esperientziak Gipuzkoan (2011-2013) liburuaren aurkezpena egingo da gaur 19:00etan Zarautzen
Eskualde mailako aurkezpena izango da. Liburua Imanol Azkue zumaiarrak osatu du, eta Zumaiako San Jose kaleko plan berezia osatzeko prozesuaren inguruko informazioa ere biltzen du.
Herritarren parte-hartzea bultzatzea da Gipuzkoako Foru Aldundiko politikaren ardatz nagusietako bat. Horren adibidea da 2011n hainbat udalekin batera abiatu zuen prozesu parte-hartzailea. Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak bideratuta, 137 esperientzia abiatu ziren 62 herritan, eta bi urteko lan oparoa eta aberasgarriaren emaitza islatzen du ‘Herritarrekin’ liburuak.
Landu diren eremuak hauek izan dira: aniztasuna (3 herritan), berdintasuna (3), euskara (2), garapen iraunkorra (25), haurrak, gazte eta adinekoen prozesuak (11), herri galdeketak (3), herri izaera (5), herri mugimenduak (5), herritarrekin harremanak (6), hirigintza (18), kirola (4), komunikazioa (3), kultura (10), mugikortasuna (10), partaidetzazko aurrekontuak (11), parte hartzeko sistemak (19), tokiko ekonomia sustatzea (1), tokiko plan estrategikoak (6), trebakuntza saioak (5) eta
zerbitzuak (1).
Liburu honek Gipuzkoako hamar eskualdetan egindako lanaren eta esperientzien berri ematen du, Aldundiak eta Udalek bultzatutako lana eta herritarrek mamitutakoa. Ehunka pertsonek bi urtez elkarlanean egindako ahalegina eta lanordu ugariren lekuko izateko asmotan argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak liburu hau, eta orain protagonistekin batera aurkeztu nahi du.
Ekitaldi horretan, eskualde bakoitzean esperientzia horietan parte hartu duten pertsonak izango dira protagonistak, 'Herritarrekin' liburua beraiek ahalbidetu dutelako. Haiekin batera, Arantza Ruiz de Larrinaga, Herritarren Partaidetzarako zuzendaria, eta Imanol Azkue, liburuaren egilea, ere aurkezpen ekitaldian izango dira.
Data: otsailaren 27an
Ordua: 19:00etan
Lekua: Zarauzko Etxe Zabala (Kale Nagusia, 29)
Liburua pdf bertsioan jaisteko esteka



