Herritarren eskaerei erantzunez, Udala berriz ere pintadak ezabatzen hasiko da gaur

2019/02/13

“Kalea guztiona da” ekimenak aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen atzoko udalbatzan eta ez zen onartua izan. EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurkako botoa eman zuten, EH Bilduk aldekoa eta Jon Iraola abstenitu egin zen. Alkateak osoko bilkuran adierazi zuen herritar ugarik pintadak ezabatzeko eskaera helarazi diola Udalari eta bere erantzukizuna dela eskaera horiei erantzutea.

Atzo arratsaldean Zumaiako Udalak egindako osoko bilkuran, “kalea guztiona da” ekimenak abenduan aurkeztutako mozioa eztabaidatu zen eta ez zen onartua izan. EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurkako botoa eman zuten, EH Bilduk aldekoa eta Jon Iraola abstenitu egin zen. Horiek horrela, alkatearen kalitatezko botoarekin hartu zen mozioa atzera botatzeko erabakia.

Aipatu mozioa abenduko osoko bilkurarako aurkeztu bazen ere, atzokoan eztabaidatu zen, EH Bilduko zinegotzi batek abenduko osoko bilkurara joaterik izan ez zuenez, “Kalea guztiona da” ekimeneko ordezkariek mozioaren eztabaida atzeratzea eskatu baitzuten.

Udal gobernuak, mozioa jaso zenean, hau eztabaidatu bitartean pintadak ezabatzeari etetea erabaki zuen eta atzoko osoko bilkuran alkateak azaldu zuenez, aste hauetan zehar hainbat eta hainbat herritarrek erakutsi dio Udalari bere ezinegona eta kexak helarazi dituzte, aurrez aurre, telefonoz, emailez…

Horiek horrela eta herritarren eskaerei erantzuteko erantzukizunari aurre eginez, gaurtik aurrera, berriz ere, abendura bitartean bezala, pintadak ezabatu eta herria txukuntzeari ekingo dio Udalak.