Herritarren iritziak jasotzeko bide berriak
Zumaiako Udalak herritarren artean parte-hartzea sustatu eta horrekin batera herritarren iritziak jaso nahi ditu. Helburu horri erantzuteko, buzoi berriak jarri ditu Zumaiako herriguneko lau puntutan. Herritarrek euren iritziak, kexak, proposamenak edota iradokizunak Udalari jakinarazteko bidea izango dute honakoa eta Udalak buzoi horiek erabiltzera animatu nahi ditu zumaiarrak.
Kale bateko norabidea aldatu egingo zenukeela, garraio publikoaren zerbitzu gehiago jarri beharko liratekeela, kale batean argi gehiago falta dela, beste kalean espaloia egoera txarrean dagoela… Era guztietako proposamenak eta kexak jasotzeko tresnak izango dira buzoi hauek. Udalak proposamen horiek jaso eta aintzat hartu nahi ditu, herritarren behar eta eskariei erantzunez herria eraikitzeko. Azken batean, Zumaia zu zarelako, edo hobeto esanda, zuek guztiok osatzen duzuelako Zumaiako herria.
Herriko hainbat gunetan daude jarrita buzoiak. Lehendik, Zumaiako hiru auzoetan -Narrondon, Oikian eta Artadin- jarrita zeuden. Orain, buzoi berriak gehitu zaizkie lehenengoei. Berriak Zumaiako herrigunean ipini dira: udaletxeko harreran, udal liburutegian, kiroldegian, eta turismo bulegoan. Parte-hartzeko sare horrekin, herritarrek proposamenak egin edo iritziak emateko aukera gehiago izango dute. Gainera, webgune berria ere prestatzen ari da Udala eta hor ere herritarrek iritzia eman ahal izango dute. Laster izango da martxan webgune berritua ere.
Behin proposamen eta iritzi horiek jasota, herritarren eskariak aztertu eta ahalik eta irtenbide egokiena ematen saiatuko dira.



