Hilaren hasieratik Electricidad Cuadra enpresa Zumaiako argiteria publikoan LED teknologiako argiak jartzeko lanetan dabil

2019/04/12

Narrondo Ibaiaren alboetan, Basadin, Aita Marin eta Alain, Estazio auzoko industrigunean eta alde zaharraren zati batean, Txomin Agirre Kaia, Julio Beobide eta Amaia eta Ondartxo plazetan, besteak beste, ordezkatuko dira argiak. Guztira 841 argi ordezkatuko dira eta honi esker, elektrizitate gastuan %77 aurreztuko da eta urtean 421.569 KWh gutxiago kontsumitzeaz gain, 166,57 Tn CO2 gutxiago isurtzea lortuko da.

Zumaiako argiteria publikoan LED teknologiako argiak jartzeko kontratua, Electricidad Cuadra enpresari esleitu zitzaion 662.473,64 eurotan (BEZ barne), dagoeneko hasiak dira argiak aldatzeko egin beharreko lehen lanetan eta 5 hilabeteko epea dute lanok amaitzeko. Kontratu horren baitan, gure herriko argiterian 841 argi ordezkatuko dira, gutxiago kontsumitzen duten eta, ondorioz, gutxiago kutsatzen duten LED argiak jarrita. Honi esker, elektrizitate gastuan %77 aurreztuko da eta urtean 421.569 KWh gutxiago kontsumitzeaz gain, 166,57 Tn CO2 gutxiago isurtzea lortuko da.

Kontratu hori, IDAEk (Instituto para la Diversificación y Ahorro de la Energía) 0 interesean udalari emandako maileguaren bidez ordainduko da eta kalkulatu den aurrezpenaren arabera, 6 urtetan aurreztutakoa nahikoa izango da egingo den gastua ordaintzeko. 10 urte ditu udalak aipatu mailegua ordaintzeko, esan bezala, interesik ordaindu gabe, eta 6 urtetan hori ordaintzeko adina aurrezpen aurreikusten denez, hortik aurrerako aurrezpena, udalarentzat aurrezpen garbia izango litzateke.

Narrondo Ibaiaren alboetan, Basadin, Aita Marin eta Alain, Estazio auzoko industrigunean eta alde zaharraren zati batean, Txomin Agirre Kaia, Julio Beobide eta Amaia eta Ondartxo plazetan, besteak beste, ordezkatuko dira argiak. Narrondo ibaiaren alboetan, gainera, argi motak bateratuko dira eta ibaiaren bi alboetako argi guztiak Axularren jarritakoen modukoak izango dira.

Aipatu kokalekuetako 12 koadrotan egingo dira aldaketak, horiek egokituko dira eta, esan bezala, LED argiak jarriko dira argiterian. Gainera, sistema adimentsua izanik, argiztapena telematikoki puntuz puntu erregulatu ahal izango da.

Energia aurrezpenaz gain, gehiegizko argiztapenak dakarren kutsadura luminikoa ere ekidingo da, behar dena bakarrik argiztatuko baita. Hori da, hain zuzen ere, Estatuko1890/2008 legeak xedatzen duena eta Zumaiako Udalak aipatu legeak ezarritako argiztapen mugak errespetatu behar ditu. Hori horrela, herritarrek aldaketa sumatuko dute argiztapenean, ez bakarrik argi mota desberdina izango delako, baita lehendik gehiegizko argiztapena zuten guneak, legeak ezarritako mugetara egokituko direlako, hau da, beharrezkotzat jotzen diren mugetara.

Laburbilduz, beraz, 3 helburu lortuko dira argietan egingo den aldaketa honen bidez: energiaren fakturan dirua aurreztea (lortutako aurrezpenarekin 6 urtetan duen kostua amortizatzea lortuko dela aurreikusten da), energia aurreztea eta ondorioz CO2 emisioak jaistea (urtean 421.569 KWh gutxiago eta 166,57 Tn CO2 gutxiago) eta baita ere gehiegizko argiztapena sortzen duen kontaminazio luminikoa ekiditea ere. Eta honela, Zumaiak duen karbono aztarna gutxitzeko bidean beste pauso bat emango dugu.