Hiri antolamendu berria San Telmo kalean
Oinezkoen, bertako bizilagunen eta autoen bizikidetza seguruagoa bermatzeko, kalearen zati batean erabilera murriztea erabaki du Udalak. Aurrerantzean ezingo dute ibilgailuek eremu horretan aparkatu.
Hiri antolamenduari lotutako aldaketak izango dira San Telmo kaletik Ardantzabidera doan kale zatian. Ardantzabide auzoan egin dituzten etxebizitza berriek trafikoaren joan-etorria areagotu egin dute eta aurrerantzean, ibilgailuek ezingo dute San Telmo kaleko zati honetan aparkatu.
Udalak ez du bideragarria ikusten San Telmo kalearen zati honek orain artean izan duen erabilera mantentzea, ez baitu oinezkoen, bertako bizilagunen eta autoen arteko bizikidetza egoki bat ahalbidetzen. Alderdi estuenean, lau metroko zabalera du kale honek eta ezaugarri horiek ez dute bermatzen bertako bizilagunek portaletatik kalera segurtasunez irtetea.
Seinaleztapena jarriko da
Arazo hauek bideratu ahal izateko, kalearen erabilera murriztea beharrezkotzat jo du Udalak. Aurrerantzean autoek ezingo dute kale honetan aparkatu eta horretarako behar diren neurriak hartuko ditu, seinaleztapen mota desberdinak kasu.
Bertako bizilagunen bizi kalitatearen onurarako eta kalean gutxieneko segurtasun baldintzak bermatu ahal izateko hartu ditu Udalak erabaki hauek. Orain, guztion ardura izango da gune honi erabilera egokia ematea.



