Hirutik bi ikurrina soilik banatu ahal izan dira asteburuan
Ekaitza zela-eta, larunbateko TKE ligako estropada bertan behera geratu zen lehen txanda ostean. Ordu bete lehenago, Galiziarrak gailendu ziren emakumezkoen Eusko Tren ligako proban Gipuzkoako eta Kataluniako ontziek talka egin ostean. Igandeko ARC2 ligako lasterketan, Deustuko 'Tomatera' ontzia nagusitu zen eta zumaiarrek bostgarren amaitu zuten
Jokoan izandako hiru ikurrinetatik bi besterik ez dira banatu aste buru honetan Zumaian izan diren estropadetan. Larunbat iluntzerako ekaitza iragarrita zegoen eta iragarpenek ez zuten hutsik egin. Euskotren Ligako estropada osoa eta TKE Ligako lehen txanda osorik jokatu ziren, baina txapelketa nagusi honetako bigarren txanda abian zela proba bertan behera utzi behar izan zuten epaileek. Hori gutxi balitz, Zumaiako ikurrina jokatzeko beste data bat jartzea ezinezkotzat dute talde ezberdinetako ordezkariek.
Jokatu zen lehen txandan Tiranek estropada ederra egin eta helmugan 15 segunduko aldea ateraz gailendu zitzaion Zumaiari. Meira izan zen hirugarren eta Arkote laugarren. Denboralea iragarrita egonik, txanda irabazteak ikurrina eramatea suposatu zezakeen, baina azkenean dena bertan behera geratu zen.
Eusko Tren eta ARC2 ligetako ikurrinak bai
Eusko Tren ligan, talka egin eta helmugara atzerapen handiarekin iritsi ziren Gipuzkoako eta Kataluniako traineruak. Ondorioz, Galiziak irabazi zuen estropada eta Bizkaia izan zen bigarrena. Proba honetan, Zumaiarrak ziren Gipuzkoaren ordezkariak.
Igande eguerdian jokatutako ACR2 ligako estropadan Deustuko 'Tomatera' ontzia izan zen garaile Santoña eta Trintxerpeko traineruen aurretik. Lehian zen Zumaiako bigarren traineruak bostgarren amaitu zuen. Ziaboga okerreko aldetik hartzeagatik 3 segunduko penalizazioa jasotzeak ez zuen eraginik izan zumaiarren azken sailkapenean.



