Historia ahanzturan ez erortzeko ekitaldia

2012/02/24

1937an herria utzi behar izan zutenak gogoratzeko ekitaldia egin da gaur arratsaldean Udalean. Pleno aretoa txiki gelditu da, eta Zumaiako Udalak barkamena eskatu nahi die kanpoan gelditu behar izan dutenei, baina pleno aretoak duen esanahi sinbolikoa dela-eta egin nahi izan da ekitaldia bertan.

 

Gerra Zibilean, garai hartako Udal ez-legitimoak hartutako erabaki baten ondorioz herritar ugari herria uztera behartuak izan ziren. Otsailaren 13 eta 14aren artean, 256 herritarrek utzi behar izan zuten Zumaia, baina aurreko zein ondorengo egun eta hilabeteetan pertsona gehiagok ere utzi behar izan zuten herria. Gaur, Zumaiako Udalak herria utzi behar izan zuten haiek guztiak eta beren senitartekoez gain, urte latz haietan era bateko edo besteko errepresioa bizi izan zuten herritar guztiak gogoan izan nahi izan dituzte egin den ekitaldi instituzionalean. Bertan izan dira, orain dela 75 urte kanporatu zituztenetako hainbat eta hainbat lagun.

Udal pleno aretoa txiki gelditu da ekitaldira joan diren guztientzat. Hori dela eta, Zumaiako Udalak barkamena eskatu nahi die aretora sartu ezinda gelditu diren guztiei, baina orain 75 urte erabaki latz hura hartu zen leku berean egin nahi izan die herritik bidalitakoei omenaldi xumea.

Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako Alkateak orain 75 urte hainbat eta hainbat familiak egindako ibilbidea oroitu du, eta gogoratu du, "urteetan, herritar askoren eskubideak zokoratuak" izan zirela. Horrekin batera, bereziki gogoratu nahi izan ditu errepublika garaian legitimotasun osoa izan zuen azken Udala: "Garai hartako Udaleko azken alkate eta zinegotziak, bortizki baztertuak izan ziren: Victoriano Arrate Alkatea, Martin Elorriaga, Leon Esnal, Alejandro Lartigue, Gabriel Betondo, Manuel Urruzuno, Eduardo Zubia, Zakarias Arrizabalaga eta Sotero Azpeitia. Bejoakie, gaur egungo udalbatza osatzen dugun zinegotzi guztien partetik, gure ohore eta begirunea", argitu du. Ez du ahaztu izan nahi, ezta ere, gaur bertan 101 urterekin hil den Joxe Manuel Manterola, frontean ibili zen gudari zumaiarra.

Marina Bidasoro Foru Aldundiko Giza Eskubide eta Memoria Historikorako Zuzendari Nagusiak hartu du ondoren hitza,  eta adierazi du, "gaur haien eta zuen adoreari, ekinari eta duintasunari esker ari gara Gipuzkoako Foru Aldundian lanean. Gaur bereziki arro sentitzen naiz zuen artean, inoiz ahaztu behar ez genukeen gure herriaren garai ilun eta sufrimenduz betearen biktima izan zareten guztion artean".  "Ez dugu ahaztu behar; ezin dugu memoriarik gabeko herria izan", gaineratu du.

Erkibe Kultur Elkarteko kide Joseba Esnalek adierazi du, beren elkartetik ez dutela utziko "historia ahazturaren zuloan erortzen".

Saioan, Jon Maia bertsonariaren bertsoak entzuteaz gain garai hartako argazkiekin egindako bideo bat eta Foru Aldundiak Frankismoaren biktimei egindako omenaldirako prestatutako bideoan Jon Maya dantzariaren aurreskua ere ikusi ahal izan dira.