Hondakinak murrizteko prebentzio plana egingo du Udal Elkarteak
Planaren helburua epe ertain eta luzean hondakin gutxiago sortzeko plana egitea da. Udal Elkarteak Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalekin landuko du plan hori.
Urola Kostako Udal Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzari esker, datozen 6 hilabeteetan hondakinak sortzea prebenitzeko tokiko plana prestatu eta idatziko du. Lan hori egiteko Udal Elkarteak Artelatz enpresa kontratatu du lehiaketa bidez.
Hondakinen gaineko Europar Batasuneko politikaren helburu nagusiak honakoak dira, hurrenez hurren: hondakinak sortzea prebenitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta berreskuratzea, betiere hondakinak sortzeak ingurumenean duen eragina murrizteko.
Bistan denez, hondakinen arazoari aurre egiteko ekimen ororen lehen urratsa hondakinak sortzea prebenitzea da, hondakin gutxiago sortuz gero, ahalegin txikiagoa egin beharko dugulako berrerabiltzen, birziklatzen edo berreskuratzen.
Azken bolada honetan hizpide eta eztabaidagai dira hondakinak biltzeko eta tratatzeko sistemak eta ez da gehiegi landu hondakin gutxiago sortzeko zer egin.
Hondakinak sortzea prebenitzeko plana
Hondakinak sortzea prebenitzeko lana ordea, era planifikatuan egin behar da eta, horixe da hain zuzen ere, hondakinak sortzea prebenitzeko tokiko planen helburua: epe ertain eta luzeko plana egin eta garatzea, tokiko eremuan nahiz haratago hondakinen prebentzioarekin zerikusia duten eragileekin estrategia partekatuta.
Urola Kostako planaren xedea horixe da: Udal Elkarteak eta Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako udalek plan bat garatzea, elkarrekin, epe ertain eta luzera, sortzen diren hondakinen kopurua murrizteko.
Azaroan hasi eta datorren maiatza bitartean plan hori landu eta idatziko dute Udal Elkarteak eta udalek. Horretarako honako lan edo urratsak egingo dituzte:
- Hondakinen kudeaketaren azterketa egingo da lehendabizi, prebentzioaren ikuspegitik. Horretarako honakoak aztertuko dira:
o Hondakin-fluxuen karakterizaioa:
o Hondakinak zein eremutan sortzen dira eta nork
o Hondakinak tratatzeko kostuak
o Eragileen ezaguera eta asmoak
o Indarrean dauden plangintza eta arautegia: planak, ordenantzak...
o Hondakinak sortzea prebenitzeko planaren potentzialtasuna: aukerak eta oztopoak.
- Planaren proposamena landuko da. Gorago adierazitako diagnostiko edo azterketatik abiatuta, honakoak zehaztuko dira: prebentziorako helburuak, lan ildo eta ekintzak, epeak, kostuak...
- Planaren proposamena laburbilduta: planaren proposamena laburbiltzen duen dokumentua sortuko da, hondakinak sortzea prebenitzeko udalerriaren tokiko planaren alderdirik esanguratsuenak jasotzeko.
- Komunikazio eta partaidetza: prebentziorako planaren proposamena hainbat bide erabiliz ezagutzera eman eta partaidetza prozesu baten bidez ekarpenak jasoko dira.
- Planaren behin betiko dokumentua: partaidetza prozesuaren ekarpenak kontuan hartuta, behin betiko plana idatziko da. Plan hori izango da Udal Elkartearen eta udalen epe ertain eta luzera hondakinak sortzea prebenitzeko jarduna finkatuko duena.



