Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzea gure eginbeharra delako!
Hondakinak gaika ongi bereizten laguntzeko, hiztegia argitaratu du Zumaiako Udalak, eta atzotik herriko etxe guztietara banatzen ari dira.
Pixkanaka-pixkanaka bada ere ari gara Zero Zabor filosofian aurrera egiten. Hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko neurriak hartzen ari dira elkarlanean Urola Kostako Udal Elkartea eta Zumaiako Udala. Eta neurri horiei erantzuten ari dira herritarrak.
Urte asko dira Zumaian hondakinen gaikako bilketaren bidea urratzen hasi ginela, eta azken aste eta hilabeteotan hainbat kanpaina abiatu dira bide horretan. Eskertzekoa da, herritarrek gai honetan izan duten erantzuna, izan ere, gaikako bilketaren datuak goraka doaz. Hala ere, nahiz eta kanpainak arrakastatsuak izan, oraindik ere askoz gehiago egin dezakegu. Izan ere, oraindik ere zabortegira botatzen den zabor kopurua gehiegizkoa da, eta gaika biltzen den kopurua baxuegia. Aurtengo urrira arteko datuen arabera, Zumaian hiri hondakinen %26, 03a bildu da gaika eta %74a bota da urtetako zabortegira.
Datu horiek etengabe hobetzen joateko neurri gehiago hartzeko konpromisoa du Udalak, eta herritarrek beren keinuen bidez arduraz jokatu behar dugula gogorarazi nahi du. Murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea guztion eginbeharra baita.
Bide horretan, eta hondakinak gaika sailkatzeko garaian oraindik ere guztioi hainbat zalantza sortzen zaizkigunez, Zumaiako Udalak bidalita, herriko etxe guztietan jaso duzue, hondakinak ongi bereizteko hiztegia. Hiztegi honen helburua hondakinak gaika biltzerako orduan sortutako dudak argitzea da.
(Hiztegia PDF formatuan jaisteko, klikatu hemen)
Lehen urratsa, murriztea
Hondakinak murriztu asmoz, Ekogunea eta Udal Elkartearekin elkarlanean Zumaiako Udalak tuperrak banatu zituen azaroaren hasieran, arrandegietan sortzen den zaborra gutxitu asmoz. Herritarrek harrera ederra egin zioten ekimenari, eta 2.000 tuperretik gora banatu ziren horretarako jarritako bi egunetan. Egun horietan tuperra jasotzerik izan ez zutenek, gaur egun Kutxako bulegoan edo arrandegietan jaso ditzakete.
Horretaz aparte, eta epe ertain eta luzera hondakinak gutxitzeko helburuarekin, Urola Kostako herrietan, Udal Elkarteak eta udalek tokiko prebentzio plana osatu eta gauzatuko dute. Azarotik maiatzera bitartean egingo dute plan hori, eta ondoren aurkeztuko dituzte ondorioak.
Gaika bildu
Olioa: Hondakinak gaika biltzeko hainbat kanpaina ere egin dira. Horrela, etxeko olioa bereiztuta biltzeko kanpaina jarri zen abian urrian. Kanpaina horren bidez etxeko olioa birziklatzeko ohitura sortu nahi da Zumaiako etxeetan. Gainera, kanpaina honetan, olioa kalean dauden olio edukiontzietan uzten dutenek, bi lagunentzako bazkari edo afaria irabazteko aukera dute.
Kanpainaren hasieran, eskuorri batekin batera, 12 pegatina banatu ziren, norbere datuak idatzi, eta potoari itsatsi behar zaio, zozketan sartzeko. Kanpaina hau, 2013ko abenduaren 31 arte izango da abian.
Organikoa: Zumaian, 2008. urtetik biltzen da hondakin organikoa gaika. Aurtengo udan, uztailaren hasieran, hondakin organikoa bereiztuta jasotzeko 5. edukiontziak ikastarorik egin gabe banatzen hasi aurretik, 804 etxetan zuten giltza. Gaur egun, berriz, 2.172 etxebizitzetara heldu da hondakin organikoa gaika biltzeko edukiontzi txikia eta giltza. Hala ere, Zumaiako Udalaren datuen arabera, 4.328 etxebizitza daude herrian, beraz, herriko etxeen erdietan dute organikoa gaika biltzeko materiala.
Organikoaren datuei erreparatuz gero, abuztura arte giltza duen erabiltzaileko kilogramo kopurua ordura arte goraka zioan bezala, hilabete gutxian behera egin du. Hau da, urtarriletik abuztura bitartean giltza zuen erabiltzaileko 0,67kg jasotzen ziren egunean. Abuztutik urrira bitartean, berriz, 0,47kg jasotzen dira.
Oraindik organikoa gaika biltzen ez den etxe horietako kideei, Zumaiako Udalak udaletxean 5. edukiontzia eta giltza jaso eta hondakin organikoak ere bereiztuta biltzen hasteko gonbita egiten die. Gaikako bilketa eta hondakinekin arduratsu jokatzea guztion eginbeharra baita.
Auzokonposta eta autokonposta: Organikoa bereiztuta jasozteaz gain, beste urrats bat eman asmoz, autokonposta eta auzokonposta egiteko aukera ere bada Zumaian. Etxean zelai, jardin edo baratzeak dituzten pertsonek auto konposta egiteko aukera dute.
Konposta auzolanean herriko berdegune publikoetan egiteko kanpaina, berriz, abiatu berri da. Hasierako asmoa, bi konpostagune jartzekoa bazen ere, herritarrek auzokonposta egiteko azaldutako interesa dela-eta 6 konpostagune jarriko dira herriko txoko ezberdinetan.
Autokonposta eta auzokonposta egiteak onura besterik ez dakar. Ingurumenari egiten diogu onura, izan ere, hondakin organikoak gaika biltzeaz gain, zirkulaziotik ateratzen ditugu, eta horrela, garraio zein tratamendu kostuak ekiditen dira. Hori horrela izanik, Zumaiako Udalak autokonposta eta auzokonposta egiten duten herritarrei zaborraren tasan %20ko hobaria aplikatzen die.



