Hondakinen Batzorde Herritarra berriro bilduko da larunbat honetan

2010/09/06

Brankan izango da batzordearen bigarren bilera eta Zumaian hondakinen egoera zein den aztertuko dute. Deialdia interesa duten herritar orori zuzenduta dago.

 

Hondakinen Batzorde herritarra ekainean sortu zen Zumaiako Udalaren ekimenez eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin. Gune honek herritarrekin hondakinen gaia lantzea du helburu, gai honen inguruan ikasteko baliabideak eskainiz eta parte-hartzaileen artean hausnarketa bultzatuz.

Ekaineko bileran parte hartu zutenen artean, iraila-azaroa bitartean landuko diren gaiak adostu ziren, besteak beste, Zumaiako egoera ezagutzea, hondakinak murriztea, atez ateko bilketa-sistema, errausketa eta herritarren sentsibilizazioa. Guztira, 5 saio egingo dira, gai hauek lantzeko. Saioak larunbat goizetan izango dira.

Larunbaterako deia

Hurrengo saioa irailaren 11an izango da, larunbata, Brankan, goizeko 10:00etan. Zumaian hondakinen egoera zein den aztertuko dute bertan Zumaiako Udaleko Ingurumen-teknikariarekin, hala nola, zenbat hondakin sortzen den, zenbat hondakin jasotzen den bereiztuta (ondoren birziklatu ahal izateko), nora bideratzen diren hondakinak eta hobetzeko aukerak.

Ekaineko bileran parte hartu zuten herritarrez gain, beste norbaitek parte hartzeko interesa izango balu, garaiz dago oraindik. Horretarako, idatzi ingururugiro@zumaiakoudala.net helbidera edo deitu 943865033 telefonora (Aitor Ibarguengoitia, Ingurumeneko teknikaria).