Hondakinen Batzorde Herritarra sortu eta bideratzeko proiektua abiatuko du Udalak
Hondakinen kudeaketaren inguruan, herritarrei informazio teknikoa helarazi eta hausnarketa bultzatzea izango da helburua. Lehendabiziko bilera irekia ekainaren 22an egingo da eta herritar guztiak daude gonbidatuta.
Zumaiako Udalak Hondakinen Batzorde herritarra sortu eta bideratzeko proiektua abiatzear da. Helburua herritarrekin hondakinen gaia lantzea, sentsibilizatzea eta hausnarketa bultzatzea izango da. Aste Berdearen baitan, gaur (asteartea) aurkeztu dute egitasmoa Elhuyar Aholkularitzako teknikari Lur Etxeberriak, Andoni Etxaniz Ingurumen zinegotziak eta Aitor Ibarguengoitia Ingurumen teknikariak.
Etxaniz Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, “asko politizatu da hondakinen gaia eta gure ustez, herritarrei informazio teknikoa eta objektiboa ematea garrantzitsua da”. Gaineratu duenez, “alderdi politiko bateko bozkatzaile guztiek ez daukate zertan eredu jakin hori aukeratu beharrik, berdin alderdi guztietan, eta hori dela eta, informazioa bidali eta herritarrek libreki aukeratzea ezinbestekoa da”.
Hartara, teknikoki eredu desberdinak aztertu eta hausnarketara bideratuko dira solasaldiak. Horretarako, baliabide desberdinak erabiliko dituzte Aitor Ibarguengoitia Ingurumen teknikariaren hitzetan: “adituen hitzaldiak, bisitak… hor eztabaida sortuko da, arazoaren sentsibilitatea aztertu eta sakondu egingo da. Parte-hartzearen kultura sustatzea oso garrantzitsua da gai hauek jorratzeko”.
Aurreneko bilera ekainaren 22an
Elhuyar Aholkularitzako teknikaria den Lur Etxeberriak, prozesuak hiru fase izango dituela zehaztu du: prozesua abiatzea (ekaina), prozesua garatzea (iraila-azaroa), eta prozesuaren bukaera (abendua). “Ekainean bertan abiatuko dugu prozesua eta ekainaren 22an izango da lehendabiziko bilera. Bilera irekia izango da eta herritar guztiek parte hartu dezakete”.
Iraila eta azaroa bitartean, hausnarketa fasea egingo da eta abenduan egingo du Hondakinen Batzorde Herritarrak prozesuaren balorazioa. Prozesuaren emaitzak eta ondorioak ordezkari politikoei aurkeztuko zaizkie ondoren.



