Hondakinen Batzorde Herritarrari jarraipena emango dion taldea sortu da

2010/12/22

Hondakinen Batzorde Herritarra hondakinen kudeaketa-eredu desberdinez hitz egin ikasi eta hausnartzeko sortu zen.

 

Hondakinen Batzorde Herritarra abenduaren 9an elkartu zen, azken aldiz, ekainean martxan jarritako prozesuaren balorazioa egin eta prozesuari bukaera emateko. Zumaiako Udalak bultzatuta eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntzarekin, Hondakinen Batzorde Herritarra sortu zen ekainean, interesa zuten herritarrek hondakinen kudeaketa-eredu ezberdinen inguruan ikasi eta hausnartu ahal izateko.
Orain arte, inor gutxi kezkatu da hondakinekin, baina, une honetan, orain arteko kudeaketa-ereduak topea jo du. Hori, zabortegiak bete ditugulako da, besteak beste, eta hondakinen arazoari konponbidea aurkitu beharra ekarri du arazo horrek.
Hondakinen inguruan kezkatuta, 15 lagun inguruk osatu dute Zumaiako Hondakinen Batzorde Herritarra. Hilean behin elkartu dira, gaia aztertu, ikasi eta gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Partaideek hala aukeratuta, Zumaiako egoera aztertzeari ekin zion taldeak aurrena. Ondoren, hondakinak murrizteko beharraz eta aukerez aritu ziren. Sortzen ditugun hondakinak kudeatzeko zein eredu dauden aztertu zuten, geroago, eta eredu horien alderdi positiboen eta negatiboen inguruan hausnartu zuten.
Horren ondotik, Zumaiarako egokiena litzatekeen ereduaren oinarriak adostu zituen taldeak. Hori guztia egin ondoren, azkeneko saioan egindako lana baloratu zen, eta gehienak pozik eta gustura agertu ziren ikasitakoarekin, eta taldean sortu den giroarekin.
Ez hori bakarrik, beraien lana hasi besterik ez dela egin ikusi dute. Uste dute garrantzitsua dela beraiek ikasitakoa herrira zabaltzea; orain arte talde txikian egindako hausnarketak zumaiar gehiagoren artean egiteko. Hemendik aurrera sortu berri den taldeak bere kabuz hasiko du ibilbidea, eta interesa duen zumaiar orok parte hartu ahalko du bertan.