Hondakinen bilketa sistema hobetzeko hitzarmena onartu du Udalak

2014/12/22

Urrian aurreratu bezala, hondakinen gaikako bilketa tasa handitzeko lehen pausoa emateko hitzarmena onartu zuen Udalak ostiraleko plenoan.

 

Ostiralean,  abenduak 19, Zumaiako Udalean egin zen ez ohiko plenoan hondakinen bilketa sistemaren aldaketa proposatzen duen hitzarmena onartu zen.

Zumaiako Udalak orain dela hilabete asko hartutako konpromisoarekin irmo segitzen du. Hala, urrian aurreratu bezala, Zumaian errefusaren eta organikoaren bilketa sistema aldatzeko pausoak ematen ari da. Hori dela eta, gaurko plenoan beste pauso garrantzitsu bat gehiago eman da. Udalak onartu berri duen hitzarmenean datozen hilabeteotan ezarriko den sistema zein izango den zehazten du, besteak beste. Honako hiru puntu hauek biltzen dira hitzarmenean:

1. Hondakinak modu egokian sailkatzeko eta botatzeko proposatzen den sistema aldaketa onartzea. Horretarako, etxeko hondakinak jasotzeko 70 puntu jarriko dira errefusa eta organikoa biltzeko, txipa duten edukiontziekin (egunero bota ahal izango dituzte herritarrek hondakinak edukiontzi horietara). Horretaz gain, 58 puntu jarriko dira gaikako bilketa egiteko, hau da, paper-kartoiak, ontzi arinak eta beira biltzeko edukiontziekin.

Merkataritzakoak berriz, batetik, asteko 80 litro organiko edo paper-kartoia sortzen dutenei atez ate bilduko zaizkie hondakinak, eta bestetik, kopuru horietara iristen ez direnak etxeko hondakinak jasotzen diren puntuetara bota beharko dute zaborra.

2. Zumaiako Udalak balorizatu ezin daitekeen hondakin zatia bakarka biltzea, Urola Kosta Udal Elkarteak estatutuen aldaketa eta bidezko kontratazioak gauzatu bitartean.

Udal Elkarteak 2015eko martxoaren lehenengo astean estatutuen aldaketarako erabakirik ez badu hartzen, Zumaiako Udalak ondar zatiaren bilketarako kudeaketa zerbitzua esleitzeko kontratazio izapideak abiaraziko ditu. Eta, 2015eko uztailaren 31an Udal Elkartearen aldetik zabor bilketa integrala kudeatzeko tramite guztiak burututa ez baleude Zumaiako Udalak kontratua esleituko du exekuzioarekin lehenbailehen hasteko.

3. Kale Garbiketa zerbitzuaren kontratazioa gauzatzeko tramite guztiak berehala hasi daitezela.

 

Gaur egun, gaikako bilketa Udal Elkartearen bidez egiten da, eta errefusa bilketa udalen eskumenen artean dago. Udal Elkarteak bilketa integrala eginez gero baliabideak optimizatzeko eta hondakinen bilketa kostuak jaisteko aukera ikusten da, eta epe motzean horretarako pausoak ematea da helburua. Bilketa mankomutatu hori egin ahal izateko ordea, Udal Elkartearen estatutuak aldatu behar dira

Zumaiarako Spora ingurumen zerbitzuak diseinatutako sistema integral eta kontrolatuaren bidez, hasieran, %65eko gaikako bilketara iristea aurreikusten da, eta etengabean egingo zaizkion hobekuntzen bidez, %80ra iristea lortu nahi da.  Sistema aldatatzea abiapuntua da Zumaiako Udalarentzat, ez helburua. Aldaketarekin herriko hondakinen %65a gaika biltzea aurreikusten da, eta etengabean egingo zaizkion hobekuntzen bidez %80ra iristea da helburua.