Hondakinen kudeaketa sistemaren azterketaren emaitzak azalduko ditu Zumaiako Udalak

2011/09/26

Garbitania enpresak egindako azterketaren arabera atez ateko bilketa Zumaian ere bideragarria da. Bilera asteazkenean, hilak 28, 19:00etan Forondan izango da. Zumaiako Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu bilera horretan parte hartzera.

 

Zumaian sortzen eta biltzen diren hondakinen kudeaketaren inguruko azterketa egin du Garbitania enpresak. Zumaiako Udalak eskatuta Zumaiako hondakinen azterketa egin du, eta  gaur egungo edukiontzietako bilketa eta atez ateko bilketaren arteko konparaketa, eta azken sistema honen bideragarritasuna aztertu ditu. Datorren asteazkenean, irailak 28, 19:00etan azterketa horren emaitzak azalduko dizkie Garbitaniako teknikariek eta Zumaiako Udaleko ingurumen arduradunek herritarrei, Forondan.

Zumaiako Udalak azterketa horren emaitzak azalduz, gaur egun jendartean hondakinen kudeaketaren inguruan dagoen eztabaidarako eta hausnarketarako informazioa eman nahi du. Krisi garai honetan, Udalak baliabideak zainduko dituen sistema bat behar dela uste du. Era berean, hondakinak kudeatzeko kutsagarriak ez diren metodoak ditu helburu, negutegi efektua sortzen duten gasak saihesteko, besteak beste.

Urtez urte edukiontzietako bilketa sistemaren kudeaketak gero eta kostu handiagoa du. 2009an 774.580,88 euroko kostua bazuen, iaz 834.417,39 euro kostatu zen. Gainera, bilketaz gain, bildutakoa zabortegira emateagatik ordaintzen den tarifa ere gero eta garestiagoa da. 2008an 70 euro ordaintzen zen tonako. Aurten, berriz, 133, 89 euro.

Garbitaniak egindako azterketaren arabera, atez ateko bilketa teknikoki eta ekonomikoki bideragarria da Zumaian ere. Azterketaren arabera, herrigunea eta landa eremuko bilketa ezberdindu beharko lirateke. Horretaz gain, gaur egun abian dagoen autokonposta proiektua ere indartu egin beharko litzateke. Datu ekonomikoak alderatuz, berriz, azterketaren arabera, atez ateko sistemak gaur egungo sistemak baino defizit txikiagoa sortuko luke.

Atez ateko hondakinen bilketaren sistemarekin lanpostu gehiago sortzen dira; zuzeneko lanpostuak laukoiztu egiten dira, eta zeharkako lanpostuak ere sortzen dira. Beraz, sistema horrek sortzen duen gastua lanpostuetan inbertitzen da, eta ez zabortegiko tasetan.

Zumaian atez ateko bilketa ezarriko balitz, material birziklagarri gehiago bilduko litzateke. 2010ean birziklatu zenarekin alderatzen bada, papera 200.000 kg gehiago, ontzi arinak 237.000 kg gehiago, organikoa 830.000 kg gehiago eta garbiguneetan material gehiago bilduko da pisu handiko materialak direlako. Beraz, azterketaren arabera zabortegira 1.900.000 Kg gutxiago isuriko lirateke. Material birziklagarri gehiago biltzeaz gain, kalitate hobeagokoa litzateke. Hala diru sarrera berri bat izango luke Zumaiak, 200.000 eurotik gorako sarrera, hain zuzen ere.