Hondakinen Batzorde Herritarraren azken bilera
Abenduaren 9an, 17:30ean egingo dute azken bilera. Beratna prozesuaren inguruko balorazioa egingo dute.
Ekainean jarri zuen Udalak Hondakinen Batzorde Herritarra abian, eta 6 hilabeteren ostean, prozesuko azken bilera egingo dute parte hartzaileek abenduaren 9an (osteguna), 17:30ean, Brankan. Bilera horretan, prozesuaren balorazioa egingo dute, eta aurrera begira zer egin nahi duten ere adostuko dute parte hartzaileek.
Azaroaren 20an egin zuen Hondakinen Batzorde Herritarrak orain arteko azken bilera. Bilera horretan, hondakinen kudeaketa-ereduen inguruan hausnartu zuten, besteak beste.
Hona hemen eredu ezberdinen inguruan egindako hausnarketa:
- Edukiontzien sistema: Gaur egun Zumaian ezarrita dagoen sistema da, eta gizartean onarpen maila altua du. Horrek esan nahi du, organikoak jasotzeko edukiontziarekin badagoela, dagoeneko, lotura, eta hori abantaila da. Hala ere, sistema honek emaitza eskasak ematen ditu, eta nahi duenak bakarrik bereizten ditu hondakinak. Hondakin organiko, paper eta ontzi arin gehienak oraindik ere errefusara botatzen dira. Horretaz gain, sistema garestia dela aipatu zuten, eta edukiontzi marroi gutxi daudenez, askotan jendearengandik urrun daudela adierazi zuten. Eredu honek orain artean bezala segitzea dakar, eta sortzen den errefusa kantitate hori mantenduta, errefusa guzti hori erretzea da gaur egungo aukera bakarra.
- Erraustegia. Erraustegiaren gaiak hondakinen kudeaketa ereduen inguruko eztabaida plazaratu du, eta hori aberasgarria da. Erraustegiak, berak, ondorio negatiboak ekar ditzake. Baliabideak xahutzen ditu, ingurumenean eta osasunean eragin kaltegarriak sortzen ditu, ez du hondakinen murrizketa eta birziklapena bultzatzen eta hondakin kutsagarriak sortzeaz gain, kostu ekonomiko altua du.
- Atez ateko sistema. Sistema horrek gaikako bilketa asko hobetzen du, eta, gainera, herritar guztiak behartzen ditu hondakinen banaketa egitera. Horrela, hondakin organiko, paper eta ontzi arin gehienak konposta egin edo birziklatzeko berreskuratzen dira. Sistema horren bidez, herritarrak sentsibilizatzen laguntzen dela uste du batzorde herritarrak, eta horrela gutxiago kontsumitu eta hondakin gutxiago sortzen laguntzen dela.
Horretaz gain, edukiontziak kaleetatik kentzean espazio publikoa irabaziko da.
Atez atekoaren alde negatiboei dagokionez, herritar askorengan sistema horrek sortzen duen errezeloa eta aurkako jarrera aipatzen ditu batzordeak. Izan ere, sistema honek ohitura aldaketa dakar, eta aldaketen aurrean kontrako jarrerak sortzen dira.
Behin ereduen inguruko hausnarketa eginda, Zumaian bultzatu beharreko ereduaren oinarriak landu eta adostu zituzten:
1. Naturari eta pertsonei ahalik eta gutxien eragingo die.
2. Konpostatzea bultzatuko du: autokonpostatzea, komunitarioa eta vermi-konpostatzea.
3. Beste kontsumo-eredu bat bultzatuko du.
4. Hondakinak murriztea eta berrerabiltzea bultzatuko du.
5. Sentsibilizazioa landuko du: sailkatzen ikasteko, kontsumo-eredua zalantzan jartzeko, hondakinen murrizketa bultzatzeko.
6. Egiteko erraza, jarraibide argiak dituena; edozeinek egiteko modukoa.
7. Sortzen den hondakin-kopuruaren arabera ordainduko da.
8. Herritik eta herrian bertan kudeatuko da; eskala txikian eta herritik ahalik eta gertuen: konpostatze-planta herrian izatea.



