Hondakinen kudeaketarako herritarren hausnarketa bukatzear
Hondakinen Batzorde Herritarraren azken-aurreko saioa azaroaren 20an izango da, Brankan, 10:00etatik aurrera.
Udazkenaren hasierarekin martxan jarritako dinamikari segida emanez, pasa den azaroaren 6an Hondakinen Batzorde Herritarra Imanol Azpirozekin elkartu zen, hondakinen kudeaketan-ereduen inguruan sakontzen jarraitzeko. Azpiroz San Markoseko lehendakariordea izan da duela gutxira arte eta Usurbilgo zinegotzi ere bada.
Azpiroz luze eta zabal aritu zen atez atekoaren inguruan eta, 5. edukiontziaren eta erraustegiaren inguruan ere hitz egin zuen. Izan ere, Azpirozek aipatu zuenez Gipuzkoan eta Nafarroan hondakinen bi kudeaketa-eredu daude aurrez aurre, eta aukeratu beharra dago. Kudeaketa-eredu batek, hondakinak murriztean eta birziklatzean egiten du indar, bide ezberdinak erabiliz horretarako. Beste ereduak, berriz, gaur egungo egoera mantentzea bultzatzen du, sortzen den hondakin kopuruari eta birziklatze-tasari dagokionez, eta hondakinak bildu ostean erraustea proposatzen du konponbide gisa.
Bi ereduak
Hondakinak murriztea eta birziklatzea planteatzen du eredu batek, eta horretarako “aproposa da atez ateko bilketa-sistema”, Azpirozen ustez. Eredu horren alde egoteko arrazoi ezberdinak ere azaldu zituen: “Batetik, hondakinak bereiztea derrigorrezko bihurtzen duenez, materia organikoa barne, % 20-30 bereizita jasotzetik % 80 inguru bereiztera pasatzen da. Horrenbestez, errefusa nabarmen gutxitzen da”.
Bestalde, hondakinak bereizita jasota, horiek birziklatzea posible egiten dela azaldu zuen. Era berean, bilketa-sistema horrek hondakinak murrizten ere laguntzen du, “etxe bakoitzean sortzen den hondakin kopuruaz jabetzen laguntzen baitu” , eta kontzientzia hartzen da horrela.
Beste kudeaketa-eredua, berriz, egungo egoera mantentzean oinarritzen da. Sortzen den hondakin-kopurua bere horretan mantentzea eta birziklatze-maila ere egungo zifratan mantentzea bultzatzen du. Horrek esan nahi du, konpostatu edo birziklatu daitezkeen hondakin gehienak errefusa gisa jasoko direla orain arte bezala, dena nahastuta. Horregatik, edukiontzien sistema ondo egokitzen zaio eredu honi, nahi duenak hondakinak bereizten baititu (baita organikoa ere, 5. edukiontzia dagoen herrietan), eta nahi ez duenak dena nahastuta botatzen baitu. “Horrenbestez, materia organikoa eta birzikla daitezkeen gai asko zabortegira edo erraustegira joaten dira zuzenean”, azaldu zuen Azpirozek. Eredu horrekin, hondakinak orain arte bezala biltzen jarraituko da eta eredu honek proposatzen duena, bildu ondoren, hondakinak erretzea da. Hori horrela, uko egiten dio hondakinak murrizteari eta sortzen dena, ahal den heinean, birziklatzeari. Izan ere, hondakinak erretzeko sortzen den azpiegiturak hondakin kantitate handiak behar ditu funtzionatu ahal izateko eta erraustegia kudeatzen duen enpresarentzat errentagarria izateko.
Hurrengo saioa
Hondakinen Kudeaketarako Herritarren Batzordeak parte hartzeko prozesu honen azken-aurreko bilera azaroaren 20an egingo du, goizeko 10:00etan Brankan. Hausnarketarako azken saioa izango da. Orain arte landutako gaiak errepasatu, kudeaketa-eredu desberdinen abantailak eta desabantailak landu eta ondorioak aterako dituzte, besteak beste. Saio horren ondoren, orain arte egindako lana baloratuko du taldeak eta aurrera begira zer eta nola egin nahi duten zehaztuko dute.



