Hondakinen Mahaiak hartutako adostasun bidearen irakurketa

2013/05/14

Gaur arratsaldean eman du prentsaurrekoa Hondakinen Mahaiak, eta hondakinen arazoari irtenbidea emateko lortutako helburuetako adostasunak eta sistemaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte.

 

1. Azken hilabeteotan, hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbidea bilatu nahian, abian da Zumaiako Hondakinen Mahaia. Bertan, Udalean ordezkaritza dugun alderdi politikoak (Bildu, EAJ-PNV, PSE-EE eta Aralar), Birziklapena bai, atez atekorik ez plataforma, Zero Zabor Zumaian taldea eta Natur Taldea elkartu izan gara.

2. Alde guztiok argi izan dugu hasieratik, arazo bat dugula hondakinen kudeaketarekin, eta irtenbidea, besteak beste, herritarrengan ere badagoela. Hondakinak murriztu, berrerabili eta gaika biltzea guztion ardura da. Mahaia abian jarri zenetik, alde guztiok hondakinen gaikako bilketa eraginkorragoa, edo eraginkorrena, lortu asmoz proposamenak aurkezteko aukera izan dugu, eta horrela egin dugu.

3. Guztiok bat eginik, txip-txartel eta barra kodedun poltsekin edukiontzi bidezko gaikako bilketa pertsonalizatuaren sistemaren proposamenaren azterketa tekniko eta ekonomikoa egitea adostu genuen. Bide horretatik, hondakinen arazoari irtenbide bateratua emateko, akordio bat lortzea da guztion helburua. Eta horretan ari gara. Azken asteotan sistemaren inguruko hainbat kontu adostu ditugu, eta horien berri ere eman nahi dugu.

Aldeok onartzen dugu zumaiar guztiok gure hondakinak modu egokian sailkatu  eta botako ditugula ziurtatzen duen sistema integral eta kontrolatua diseinatu behar dugula. Sistema horrek, gainera, epe motzean herriko hondakinen %80a inguru gaika biltzea ahalbideratu beharko du. Helburu horretara ez bagara iristen, neurri zuzentzaileak jarri beharko dira.

 

· Hondakinen bilketa erabiltzailea identifikatuko duen txip elektronikodun edukiontzien bidez eta barra kodedun poltsen bidez egitea aurreikusten da.

Edukiontziak irekitzeko txartel pertsonalizatua izango du etxe bakoitzak, eta honek gertuen dituen frakzio bakoitzeko edukiontziak irekitzeko aukera emango du (gutxienez, organikoa, errefusa eta ontzi arinak). Txartelak barra kode propioa izango du, eta herritarrak barra kodeaz identifikatuta dauden poltsak soilik erabiliko ditu bere hondakinak edukiontzira botatzeko. Egutegi finkorik ez da izango hondakinak botatzeko.

· Edukiontzi guztietan bertara bota beharreko frakzioaren azalpen zehatza jasoko duten irudiak eta bilketaren inguruan dauden arauen berri emango duen informazioa jartzea aurreikusten da.

· Eraikin publiko eta kaleetako zakarrontziak zaborra gaika botatzeko lekua duten zabor ontziengatik ordezkatuko dira.

· Enpresa, komertzio zein elkarte gastronomikoei, beren hondakinak gaika biltzeko zerbitzua hobetzea aurreikusten da. Dendak banan bana edo sektoreka  aztertu eta beraiekin batera murrizketan, berrerabilpenean eta birziklapenean hobekuntzak bilatzeko bidea zabaltzea izango da helburua.

· Herrian egiten diren ospakizun desberdinetan (udalak zuzenean antolatutakoetan edota lagundutakoetan) hondakinak ahalik eta gutxien sortu eta gaika bilduko direla bermatzea aurreikusten da.

4. Adostutako oinarriak kontuan izanda, bideragarritasun plana egin eta behar diren bermeak lortuz gero, hemen azaldutako asmo horiek aurrera eraman eta behar den jarraipena egiteko borondatea berresten dugu Hondakinen Mahaia osatzen dugun guztiok.

 

Prentsaurrekoaren bideoa ikusteko klikatu hemen.

Alkatea: Iñaki Agirrezabalaga (Bildu), Maitane Agirre (Bildu)

Aitor Leiza (Aralar)

Montse Arana (EAJ-PNV)

Emiliano Cabañas (PSE-EE)

Oier Korta(Birziklapena bai,  Atez atekorik ez plataforma)

Mendi Gorostiaga (Zero Zabor Zumaian)

Josu Uranga (Natur Taldea)