700 produktutik gora eskuz aldatu ziren 'Zumaian Eskuz Esku' bigarren eskuko azokan

2010/10/28

Antolatzaileak "oso gustura" agertu dira azokak izandako harreragatik eta herritarrek izan dute parte-hartzearekin.

 

Urriaren 23an Zumaiako Udalak bultzatutako “Zumaian eskuz esku!” bigarren eskuko azoka ospatu zen Eusebio Gurrutxagan plazan. Ekintza honi esker 700 produktu baino gehiago eskuz aldatu ziren, berrerabilpena indartuz eta, era berean, baliabideen xahuketa eta hondakinen pilaketa saihestuz.

Produktu guztiak erabiliak izatea eta egoera onean egotea ezinbesteko baldintza izan da, liburuak, CD-ak, pelikulak, jostailuak, etxe tresnak, arropak edo apaingarriak bezalako produktuak onartu direlarik.

Ekimena aurrera eramateko gordailu-postua izeneko sistema erabili da. Horrela, jabeek Algorri Interpretazio Zentrora eraman dituzte beraien produktuak, salgai jartzeko edota dohaintzan emateko. Azokaren egunean bertan salgai jartzeko produktuak jaso dira eta antolatzaileen laguntzarekin salmenta bideratu da, beti ere jabeak erabakitako prezioan.

2.300 euro mugitu dira

Azokan 2.320 produktu jarri dira salgai eta heren bat, 770, saldu dira. Eskuz eskuko salerosketa honetan 2.300 euro mugitu dira. Urriaren 28tik aurrera, produktuen jabeek Algorri Zentrora gerturatu eta saldutakoen dirua jasotzeaz gain, saldu gabeko produktuekin zer egin erabakitzeko aukera izango dute, bueltan etxera eraman edota dohaintzan eman.

Herritarrek dohaintzan emandako produktuak beharra duten familien artean banatuko dira, Zumaiako Gizarte Zerbitzuen Departamentuarekin elkarlanaean. Soberakinak, berriz,  Emaús fundazioaren laguntzarekin bideratuko dira.

Antolakuntzak "oso ondo" baloratu du izandako harrera eta parte-hartzea: "Eskerrik beroenak azokan parte hartu duten herritarrei, ohiturak aldatuz kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin duzuelako! Hurrengora arte!!"

Azoka zenbakitan:

 

 

 

2009ko azoka 2010eko azoka
Jasotako produktu kopurua Salmentarako, 778 produktu.
Dohaintzarako, 181 produktu.
Guztira, 959 produktu.
Salmentarako 2.320 produktu.
Dohaintzarako 591 produktu.
Guztira, 2.911.
Saldutako produktu kopurua 380 produktu  769 produktu
Saltzaile kopurua 47 pertsona 73 pertsona
Dirua 1.411,75 € 2.300 €