Ia 60.000 lagunek erabili dituzte udan Zumaian martxan egon diren hiru itsasontzi zerbitzuak

2018/10/05

Horri lotuta, udan zehar herriko kaleetan bizitako giro ona nabarmendu du Udalak eta datozen urteei begira, orain arte bezala, Zumaiako balio eta baliabideetan oinarritutako turismoa bultzatzeko lanean jarraituko duela adierazi du.

Konturatu garenerako atzean utzi dugu jada 2018ko uda sasoia eta udazkenean murgildu gara bete betean. Edonola ere, urtero legez, uda bukatzearekin batera, Udalak, ekainetik abuztura bitartean jasotako datu zein esperientziak jaso eta aztertu ditu, udaldiaren balorazioa egiteko.

Horri lotuta eta datuei dagokienean , Geoparkeak eskaini dituen bisita gidatuetan 12.154 lagunek hartu dute parte, iaz baino %9 gehiagok, alegia. Zumaiako turismo bulegoaren kasuan, aldiz, ekainetik abuztura bitartean, 20.185 lagun igaro dira bertatik; iaz baino 4200 pertsona gutxiago.

Datu horiei erreparatuz eta horiek iazkoekin alderatuz gero, turismo bulegoak jaso dituen bisitari kopurua apur bat jaitsi den arren, aurten ere turismo fluxuak zifra onak mantendu dituela adierazi dute Udaletik.

Zumaiako kaleak giro bizian

Izan ere, jasotako datuez haratago, Zumaiako Udalak aurtengoan herriko kaleetan bizitako giro ona azpimarratu nahi izan du.  “Eguraldi ona lagun izan dugu udan zehar eta hori asko antzeman da gure herriko kaleetan, jende andana eta giro bizi eta polita izan baitugu udaldi osoan”, azaldu dute Udaletik.

Horri lotuta, hain zuzen, herriko 3 txalupa zerbitzuek izandako arrakasta nabarmendu du Udalak: “Geoparkeko itsasontziak eta Txomin Agirre kaitik Santiago hondartzara edota kirol portura (Saraunea) doazen bi txalupek izugarri egin dute lan uda osoan, hiruen artean, guztira 59.104 lagun garraiatu baitituzte”, adierazi dute Udaletik. Bide horretan, Sarauneko aparkalekuak aurten izandako okupazio altua ere azpimarratu du Udalak, “inoiz baino beteago” egon dela adieraziz.

Autobus zerbitzuak, ordea, zeina aurtengo udan jarri den lehen aldiz martxan, ez du nahi bezalako arrakasta izan eta horrenbestez, datorren urteari begira zerbitzuari jarraipena eman ala ez aztertu egin beharko duela azaldu du Udalak.

Edonola ere, jendearen joan etorri horiek, noski, herriko merkataritza zein ostalaritzan ere izan dute eragina. Izan ere, merkatari elkartearekin eta hainbat ostalariekin hitz egin ostean, Udalak adierazi du orokorrean aurreko urteko antzeko datuak mantendu direla, nahiz eta, ostatuen kasuan, okupazio maila iazkoa baino altuagoa izan den.

Izan ere,  %3.31 hazi da gaua Zumaian egiten duten lagunen kopurua; iaz 12.025 pertsonak hartu zuten herrian ostatu eta aurten, aldiz, 13.045ek. “Datu horiek bistako egite dute gero eta jende gehiagok hartzen duela kontuan Zumaia ostatua bilatzeko orduan, baita gaua pasatzeko garaian ere, horrenbestez, datu positibo eta pozgarriak dira guztiontzat”, azaldu dute Udaletik.

Hori guztia kontuan izanik, beraz, 2018ko uda positibotzat jo du Zumaiako Udalak eta horri lotuta, orain arte bezala, datozen urteei begira, Zumaiako balio eta baliabide anitzetan oinarritutako turismoa sustatu eta bultzatzeko lanean jarraituko duela adierazi du. “Zumaia balio eta baliabide asko dituen herria da, bai ondare aldetik, baita, noski, hizkuntza, kultura, natura edota gastronomia aldetik ere. Udal honek irmoki sinesten du Zumaian zein gure herriak eskaintzen dituen aukera anitzetan, horregatik, gogor jarraituko du lanean horiek guztiak indartu eta bermatzen jarraitzeko”, amaitu du Udalak.