IES ZUMAIA BHI ikastetxeak izango duen itxura ezagutzeko eta aztertzeko aukera izan dute udalak, hirigintza sailak eta eskolako zuzendaritzak

2019/05/13

Irudietan ikus daitezke, bai eskola bera eta baita Sagarbideko frontoiaren estalkia ere. Kontratua martxoan sinatu zuten Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta SATIE arquitectosek eta bertan jasotzen zen 30 eguneko epea zutela proiektua aurkezteko eta 90 egunekoa exekuzio proiektua aurkezteko, beraz, udan zehar proiektua prest egongo da.

Zumaiako Udalak, udaleko Hirigintza Sailak eta Herri Eskolako zuzendaritzak, SATIE arquitectosek IES Zumaia BHI ikastetxea handitzeko eraikin berria egiteko eta frontoia estaltzeko lehiaketara aurkeztutako proiektua ezagutzeko eta aztertzeko aukera izan dute. Martxoan aurkeztu zien Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak arkitektoen proposamena, udalaren eta eskolaren ekarpenak jasotzen jarraitzeko. Aipatu arkitektoek irabazi zuten lan horiek egiteko lehiaketa publikoa eta martxoan sinatu zuten EJko Hezkuntza Sailarekin lanak egiteko kontratua. Kontratuak 30 eguneko epea aurreikusten zuen oinarrizko proiektua aurkezteko eta 90 egunekoa exekuziokoa aurkezteko, beraz, udan zehar prest egongo da proiektua eta eraikitzen hasteko egin beharreko esleipena prestatzen hasteko garaia izango da.

Proiektuak bi zati ditu, batetik, ikastetxea handitzeko eraikin berria eta bestetik, Sagarbideko frontoiaren estaldura. Beheko solairuan, sarrera nagusitik, eskailera nagusia, igogailua eta harrera dauden espaziora du sarbidea. Solairu honetan daude baita ere, idazkaritza, irakasleen gela, liburutegia eta 2 gela berezi. Gimnasioa ere hemen dago, honek 6,15 metroko altuera hartzen du eta biltegia eta irakaslearen bulegoa dauzka bere baitan. Gimnasioaren ondoan daude baita ere aldagelak, komunak eta instalazioen gelak. Lehen solairuan 5 gela arrunt, bikoizten den gela bat, biltegi bat, garbiketa gela, laborategia eta komunak aurki daitezke. Bigarren solairuak ere 5 gela arrunt eta bikoizten den gela bat hartzen ditu, baita tailer bat eta komunak ere. Guztira 2460 metro karratu inguru hartzen ditu eraikinak. Bestalde, Sagarbideko frontoiaren estalkiak 960 metro karratu izango ditu eta izango dituen neurriek, bai luzeran, zabaleran eta altueran, eskubaloi partida ofizialak jokatze ahalbidetuko dute. Egitura egurrezkoa izango da eta estalkia polikarbonatoz egina eta argia pasatzen uzten duena.