Igandean 12 :00etan omenaldia egingo zaie yeregitarrei, berreskuratu eta martxan jarri duten Artadiko erlojuaren aurrean
Igandean, hilak 20, 12 :00etan erlojuaren berreskurapenaren inguruko xehetasunak eman eta yeregitarrei omenaldia egingo zaie Yeregi Elkarteak antolatuta parolbidean. Bertan izango dira yeregitarrez gain, Yeregi Elkarteko kideek, Udaleko zein Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, erlojua biziberritzen lagundu dietenak, eskualdeko hainbat enpresetako ordezkari…
Bihotz zaharra makalduta, 80. hamarkada erdialdean (1984-1985 urteen artean) utzi zion Artadiko ermitan ordua emateari Yeregi Elkarteak berreskuratu duen erlojuak. Urte batzutara, 1988.urtean jarri zuten gaur egun oraindik bertan dagoen erlojua, Muruak (Gasteizkoek) egindakoa.
Zaharkitutako hura yeregitarrek egina zen, eta 1901. urtetik zegoen bertan. Segunduak, minutuak eta orduak emateri utzi zionean desmontatu eta dorrean bertan baztertuta utzi zuten.
“2000. urtean nire osoba Iñaki eta Sabin Yeregiri erlojuaren berri eman eta handik kendu eta txatarratara botatzeko asmoa edo zutela esan zion Don Ramon Artadiko apaizak. Osabek aitonak egindako erlojua zela eta inora bota gabe gordetzea nahi zutelako jaso zuten handik”, gogoratzen du Xabier Alvarez Yeregi, Yeregi Elkarteko kideak. Hala, Iñaki eta Sabin Yeregik aitonak egindako erlojua handik hartu, eta yeregitarren etxe ondoko jardinean muntatu zuten (parolbidean). Muntatu eta ez erdoiltzeko pintatu utzi zuten bertan.
“Orain dela urte eta erdi edo bi urte, ordea, erlojuaren egoera gero eta kaxkarragoa zela ikusita, elkartea sortu eta erlojuari konpontzeari ekin genion”, dio Alvarezek. Ibilbide horretan Zumaiako Udala izan dute bidelagun, hasieratik bultzatu eta diruz lagundu baitu proiektua. Igandeko omenaldia aprobetxatu nahi du Zumaiako Udalak herriko industriaren, eta batez ere, industrian ekintzaile izan diren horien lana errekonozitu eta balorean jartzeko.
Xabier eta bere osoba Sabinek mimoz baina gogor egin dute lan. Desmontatu, garbitu, pintatu eta zaharberritzen pasatu dituzte orduak eta orduak. “Lanean hasi ginenean geure buruari hitz eman genion zaharberritze ez-inbaditzailea egingo genuela. Hau da, ahal genituen pieza zahar denak mantenduko genituela, eta berriren bat behar bazen erreplika egiteaz gain, zaharra gorde eta zergatik aldatu dugun ere gordeko genuela”, azaltzen du. Hala, adibidez, erlojuaren bihotzaren erreplika egin eta zaharra gorde dute: “Ancora da erlojuaren bihotza ; erabat zahartuta eta gastatuta zuen, eta berria egin diogu”. Lan berezia izan da oso Alvarezentzat bere “familiaren historia” baita erloju hori. Baina emaitzarekin izugarri gustura dago eta egindako lan guztiak “pena merezi” izan duela erantzuten du dudarik ere egin gabe.
Baina berrikuntza batzuk ere ez datoz gaizki, tarteka. Erlojua orain dela 114 urte bezalaxe dago. Hala ere, gaur egun 5-6 orduro kuerda ematea beharko luke bestelako mekanismorik gabe. Belgikan ezagututako sistema bat ezarri diote, ordea, erloju zaharrari eta horrela ez du behar inoren beharrik funtzionatzeko. Hala ere, edozein momentutan sistema gelditu eta kuerda emanda ibiltzeko aukera du.
Erlojugile familia
Yeregitarren familian segunduak, minutuak eta orduak kateatzen diren bezala kateatu izan dira erlojuen mundura. 5 belaunalditan ari dira erlojuei bizia emanez.
Igandean Leitza, Betelu, Usurbilgo Agiña, Zumaia eta Donostian jaiotako yegeritarrei egingo zaie omenaldia. Honakoak izango dituzte gogoan:
1- Jose Francisco Yeregui Zabaleta. 1760-1834
2- Juan Manuel Yeregui Canflanca. 1795-1848.
3- Juan Jose Yeregui Olano. 1819-1887.
4- Bonifacio Yeregui Yeregui.1850-1911.
5- Andres Yeregui Eraso. 1884-1975.
6- Benito Yeregui Goldaracena. 1843-1912.
7- Serapio Yeregui Goldaracena. 1859-1926.
Gradu bukaerako nota bikaina
Duela hilabete batzuk, Xabi Castells Garmendia EHUko ingenieritza ikasleak yeregitarren erloju zaharraren inguruko gradu amaierako lana egiteari ekin zion. Lan horretan, erlojuaren kalkulo matematiko guztiak bildu ditu. Lan handiaz gain, bikaina egin duela iritzi diote aztertzaileek. Horrela adierazten du jarri dioten notak behintzat.



