Igandean jokatuko da Zumaiako Ikurriña

2012/08/09

Igandean, hilak 12, 12:00etatik aurrera San Migel ligako Zumaiako Ikurriña eta DVko III. Bandera jokatuko dira Zumaiako uretan.

Estropada denboraldia bete-betean dagoenean, iritsiko da Zumaiako ikurriña jokatzeko garaia, San Migel ligako 12. proba puntuagarria izango da, hain zuzen, igandean Zumaian jokatuko dena. Larunbat arratsaldean Hondarribiako bandera-Mapfre Sari Nagusia jokatuta iritsiko dira arraunlariak Zumaiara.

12:00etan, Euskotren Ligako nesken traineruak hasiko dira lehian. Estropada honetara Zumaiako emakumeen sailkapeneko lehen postuan iritsiko dira. Euskotren ligako lehia bukatu ostean, San Migel Ligako Zumaiako ikurriña jokatzeari ekingo diote gizonezkoen traineruek.

Gaur eguerdian egin dute estropaden aurkezpena eta bertan izan dira, Luis Mari Goikoetxea Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko Lehendakaria, Iñaki Ostolaza Zumaiako Udalaren Kirol Zinegotzia eta Santi Ipiñazar Diario Vasco-ko ordezkaria. Iñaki Ostolaza kirol zinegotziak  estropada hauek Zumaiarentzat duten garrantzia azpimarratu du: "Estropada hauek Zumaiarentzat eskaparate bat dira, eta oso garrantzitsua da hori guretzat. Zumaiako Udalak urteak daramatza laguntzen. Garai hauetan esfortzua egin behar izan dugu estropadak laguntzeko, baina ea hemendik aurrera ere laguntzeko moduan garen".

Santi Ipiñazarrek ere estropada hauek laguntzeko asmoa azaldu du. Bukatzeko, Luis Mari Goikoetxea arraun Elkarteko lehendakariak zenbait kontu gogorarazi ditu: "Klubei mesedez udaltzaingoari eta antolakuntzan ariko direnei kasu egiteko eskatzen diegu, mesedez. Horretaz aparte, gogoratu nahi dugu autobusek ezingo dutela herrian sartu". Bukatzeko, dena ondo joatea espero duela adierazi du, eta "ahal bada etxekoek irabaztea".