Igandera bitartean Asteburu Mikologikoa ospatuko da Zumaian

2010/10/15

Perretxiko dastatzeak, mahai-ingurua, ibilaldiak, erakusketa eta beste zenbait ekitaldi izango dira ostiralean hasi eta igandera bitartean.

 

Zumaiako Natur Taldeak eta Inda Mendi elkarteak Asteburu Mikologikoa antolatu dute Udalaren laguntzarekin. Gaur, ostirala, Hondakinen inguruko mahai-inguruarekin ekingo diete astebururako prestatu dituzten ekimenei. Inda Mendiren egoitzan izango da solasaldia, 19:30ean hasita. Aser Lertxundi Aralarko aholkularia eta Usurbilgo Hondakinen Jarraipen Batzordeko Jose Mari Irazustak parte hartuko dute mahai-inguruan eta ondoren, perretxikoak dastatu ahal izango dituzte Inda Mendiko sukaldarien eskutik.

Larunbatean, goizean goiz hasiko dituzte ekitaldiak. 9:00etan abiatuko dira taxi geltokiaren aurretik perretxikoak biltzera eta arratsaldeko lauretan egingo dute bildutakoaren sailkapena Torreberrin.

Igandean erakusketa

Perretxikoen eta hondakinen erakusketak ezaugarrituko dute igandea. Torreberri eraikinean, 11:00etatik 14:00era egongo da zabalik erakusketa goiz partean, eta arratsaldean 16:30etik 20:00etara. Ezbairik gabe, perretxikoa izango da hizpide asteburuan Zumaian.