II. Berdintasun plana onartuta, indarrean da
Plan berria malgua, parte hartzailea eta dinamikoa izango da
Abenduko plenoan, aho batez, onartu zen udalbatzarrean Zumaiako II. Berdintasun Plana. Plan hori 2015-2018 urteen artean izango da indarrean, eta Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako VI. Planaren (EAE) eta 2012an onartutako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Foru Planaren arabera kudeatuko da. Helburua da berdintasun politikak eraginkor egitea Udaleko maila eta arlo guztietan.
Hasiera hasieratik, Zumaiako Udalak herriak bere izango duen plana osatu nahi izan du, eta parte hartze prozesu baten baitan osatu da. Bilerak egin dira herritarrekin, Udal teknikariekin eta Udal ordezkaritza duten alderdi politikoekin. Prozesu horretan, lehenik eta behin, I. Berdintasun Planaren inguruko ebaluazioa egin zen, eta horren ostean, II. Berdintasun Planaren zirriborroa osatzeko bilerak egin ziren.
Plan berria zeharlerrotasunaren ikuspegitik egin da, hau da, Udalaren arlo eta zerbitzu guztiek bere gain hartuko dute berdintasuna. Planean lau urterako ekintza plana osatu da; arloz arlo aurreko epealdian egindako ekintzak identifikatu eta baloratu dira, eta datorren lau urterako helburu berriak ezarri dira.
4 urterako plana bada ere, urtez urteko helburu eta ekintzen bidez garatuko da. Urte hasieran, urte horretan abian jarri beharreko ekintzak identifikatu eta planifikatuko dira. Urte bukaeran, berriz, egindakoa eta egin gabekoa baloratuko da, eta hurrengo urteko plana egokituko da balorazio hori kontuan hartuz, lau urterako plana dela gogoratuta.
Berdintasun plan berria osatzerakoan parte hartzen duten eragileak hainbat balio partekatuz aritu dira. Plana malgua izango da eta momentuko egoerei erantzuteko, eta plana momentu oro aldatzeko aukera izango da. Etengabe berrikusiz, berrituz eta moldatuz joango den plan dinamikoa izango da. Eragileen parte hartzearekin, elkarlanean, eratuko dira egitasmoak. Komunikazioari dagokionez, eragileen arteko norabide anitzeko informazio-fluxuak sortuko dira. Koordinatuta, elkar zapaltzen ez duten ekintzak antolatuko dira, eta sinergiak aprobetxatzen saiatuko da. Hausnarketan oinarrituz, irtenbideak adostasunez bilatzeko indarra egingo da.
Lau urte, urrats garrantzitsua
2010ko irailean eman zuen Zumaiako Udalak berdintasunerako pauso garrantzitsua; orduan sortu baitzen Udalean Berdintasun eta Gazteria Saila, I. Berdintasun Plana garatzeko. Plan hori osatzeko, 2009. urtean garatu zen Zumaiako emakume eta gizonen egoerari buruzko diagnostikoa, eta hor identifikatutako beharretan eta proposamenetan oinarritu zen lehen plana.



