III. Berdintasun Plana eta Zumaiako Emakumeon Etxearen definizioa onartu ditu udalbatzak aho batez

2018/12/20

Gaur egin den ezohiko udalbatzan, Berdintasunarekin lotutako bi pauso garrantzitsu eman dira beraz. Proposamenen atalean, Kalea Guztiona Da ekimenak aurkeztutako mozioa bertan behera geratu da ekimenak berak hala eskatuta eta EH Bilduk aurkeztutako ere mahai gainean geratu da, udalean lanketa bat egitea beharrezko iritzita.

Gaur, abenduaren 20ean, egin du Zumaiako Udalaren udalbatzak urteko azkeneko Osoko Bilkura. Hainbat gai landu badira ere, bereziki garrantzitsuak izan dira Berdintasunaren inguruan onartutako bi irizpen, Zumaiako III. Berdintasun Plana eta Zumaiako Emakumeon Etxearen definizioa onartzea, emandako pausoen garrantziagatik.

Ohikoa den bezala aurreko bilkuretako akten onarpenekin hasi da saioa eta, ondoren, ogasun saileko hainbat gai eta gizarte zerbitzuetan egin beharreko egokitzapen tekniko batzuk landu dira.

III. Berdintasun Planaren eta Zumaiako Emakumeon Etxearen definizioaren onarpena

Gai zerrendako 4. puntuan bi gai garrantzitsu izan dira, batetik, III. Berdintasun Planaren onarpena eta, bestetik, Zumaiako Emakumeon Etxearen definizioaren onarpena.

Zumaiako Udalak joan den martxoan ekin zion III. Berdintasun Planaren idazketari. Prozesuan zehar, diagnosi lanak, elkarrizketak, udal teknikari zein politikariekin bilerak edota herritarren iritzia jasotzeko saio irekiak egin ditu Udalak, Berdintasun Planak egungo behar, arazo zein erronkei erantzun diezaien ezinbestekotzat jo baitu iritzi, ekarpen eta ikuspegi anitzak jasotzea.

Bestalde, Zumaiako Berdintasunerako II. Planak eta Plan Estrategikoak jasotakoari jarraiki, Zumaiako Udala eta Berdintasun Foroa elkarlanean aritu dira urratsak egiten Zumaian lehen Emakumeen Etxea eraikitzeko. Emakumeen Etxea elkargune edo topagunerako espazioa izatea da helburua, berdintasunerako bidean, indarrak edota sinergiak sortzeko espazio bat alegia.

Etxearen definizioa osatzeko, ordea, garrantzitsutzat jo zen herritarrak prozesuan inplikatzea eta horretarako proposamenak jasotzeko saio irekiak egin ziren; lehena, irailaren 25ean eta bigarrena, aldiz, urriaren 23an.

Saio horietan, herritarrekin batera, Emakumearen Etxearen definizioa osatu da, hau da, etxearen kokalekua, funtzionamendua edota kudeaketa eredua nolakoak izan behar duten erabaki da, besteak beste eta definizio hori izan da gaurko udalbatzari aurkeztutakoa.

Bi gaiok luze landu ditu Udalak Berdintasun foroarekin eta herritarrekin elkarlanean eta aho batez onartu ditu udalbatzak.

Mozioak

5. puntuan, bi proposamen zeuden gai zerrendan, Kalea Guztiona Da ekimenak kaleko pintaketa, pankarta eta kartelen inguruan egindakoa eta, bestetik, EH Bilduk HH2ko haurren zaintza zerbitzuaren inguruan aurkeztutakoa. Biak, ordea, mahai gainean geratu dira, lehena, mozioa aurkeztu zutenek, zinegotzi bat falta zelako, hala eskatuta eta bigarrena, udal barruan, batzordean,  lanketa bat egiteko beharra zegoela iritzita.

Kalea Guztiona Da ekimenak Udalera jo izana pauso positiboa dela adierazi du, Oier Korta alkateak “Guk udal gobernu bezala argi dugu eztabaidagai dagoen gai honen inguruan gure eredua zein den baina ez dugu eztabaida saihestu ezta saihestuko ere. Horregatik, ez dugu gaia mahai gainean uzteko eragozpenik eta aurkeztu dutenek hala nahi badute, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidagai izango dugu. Edozein kasutan, ekimena osatzen duten pertsonek Udalera jo izana pauso positiboa dela iruditzen zaigu. Gai honen inguruan eztabaidatzeko mahai bat eratu genuen eta bertan ez parte hartzea erabaki zuten. Ondoren herri bilera ireki bat ere antolatu genuen, baina ez zuten hura ere egoki ikusi. Guk beti izan ditugu elkarrizketarako ateak zabalik eta hainbeste denboraren ondoren, mozio proposamen hau jaso genuenean, agintaldi hasieran hartu genuen dinamika etetea erabaki genuen, eztabaida honi bere lekua eta garrantzia emateko. Berriz ere diot, guk argi dugu gure eredua, baina ez dugu eztabaida saihestu ezta saihestuko ere eta, gaia udalbatzaren eskumenekoa ez den arren,  laster honen inguruan eztabaidatzeko aukera izatea espero dugu zumaiar guztiok ordezkatzen gaituen udalbatza honetan” amaitu du Kortak.