Ikasleen Argazki Rallyko erakusketa ikusgai
Zumaia Ezagutzen proiektuaren barne aurrera eramaten den Argazki Rallyaren erakusketa eskainiko da herriko merkatarien laguntzarekin martxoaren 10a arte. Bertan, herriko puntu esanguratsuenetako argazki zaharrak eta ikasleek ateratako argazki berriak konparatzeko aukera izango da
Zumaiako Udalak ‘Zumaia ezagutzen’ ingurumen-heziketa programa sustatzen du, herriaren bilakaera historikoa eta herriko kaleetan gordetzen den ondarea ezagutarazteko asmoarekin. 2013-2014 ikasturtean Zumaiako Herri Eskola, Maria eta Jose Ikastetxea, Oikiako Herri Eskola eta Zumaiako Institutuko 400 ikasle inguru parte hartzen ari dira ekintza ezberdinetan, Arazi enpresa proiektuaren garapenaz arduratu delarik.
Proiektu honek lau arlo ditu, ikasleen adina eta ezagupen mailaren araberakoak: “Denboraren bila”, Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleentzat; “Argazki Rallya”, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleentzat; “Zumaia eta Artea”; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1go mailako ikasleentzat; eta “Ontzigintza”, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleentzat. Modu honetan, herriaren ezagutza sakona lortzeko egitarauak eskaintzen dira lau ikasturteetan zehar.
“Argazki Rallya” izeneko ekintzaren amaieran, erakusketa txiki bat antolatu da herriko merkatarien laguntzarekin. Hortaz, herriko puntu esanguratsuenetako argazki zaharrak eta, puntu berean ikasleek ateratako argazki berriak konparatzeko aukera ematen da. Zumaiako ikasleek azken urteetan eman diren aldaketak aztertu dituzte, herritarren bizi-ohiturak hausnartuz eta ingurumenaren gaineko inpaktua kontuan hartuz. Erakusketa 24 kartel ezberdinez osatuta dago eta udaletxean, Alondegian, turismo bulegoan eta herriko denda, taberna eta komertzioetan ikusteko aukera izango da martxoaren 10a arte. Eskerrik asko Argazki Rallyan parte hartu duten ikasle guztiei, egindako lan bikainagatik!



