Ikastaroak emateko deialdia ireki du Udalak

2010/06/02

Datorren ikasturteari begira, ikastaroak proposatzeko deialdia egin du Udaleko Kultura Batzordeak. Ikastaro proposamenak Foronda Kultur Etxean aurkeztu beharko dira eta ekainaren 21ean bukatuko da horretarako epea.

 

Edozein zalantza edo informazio gehiago jasotzeko, interesatuek Foronda Kultur Etxera jo dezakete (943861056 edota foronda@zumaia.net).

Ondorengoak dira ikastaroak emateko arau-oinarriak:

XEDEA.- Oinarrien xedea da Zumaian ikastaroak ematea; beraz, udalaren lokalak lagako dira, ikastaro horiek emateko.

Ikastaro-motak: pintura, eskulanak, eskultura, dantza, plastika, bainikak, historia, argazkilaritza,josten ikasteko ... (mota guztietako ikastaroen eskaintzak onartuko dira).

Zumaiako Udalaren webgunean eta Zumaiako prentsan argitaratuko dira ikastaroak, eta udal-bandoen bitartez ere emango da haien berri. Ikastaroen eskaintzak argitaratzen direnetik hasita, 45 egun naturaleko epea izango da eskaerak aurkezteko.

BETEKIZUNAK:

 - Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea, eta Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

- Haurrentzako ikastaroetan izena emateko, irakasleek euskara jakin beharko dute nahitaez.  Helduentzako ikastaroetarako, euskara jakitea lehenetsiko da, eta erabateko lehentasuna izango dute euskaraz dakitenek, hautaketa egiteko orduan.
- Ikastaroak euskaraz emango dira, hala ere, kasuren batean ikastaroaren interesa dela eta gazteleraz ematea erabaki hala izango du ikastaroak hautatzeko batzordeak.

- Kultura Batzordeak onartutako ordutegia beteko da. Pisuzko arrazoiak direla eta, ezin bada eskolaren bat eman, aurrerapen nahikoz abisatu beharko da.

- Zerga-ordenantzek finkatuko dute zer kuota kobratuko zaien erabiltzaileei, eta kuota horiek errespetatu beharko dira; gainera, ezingo da bestelako preziorik jarri.

Baldintza horietakoren bat beteko ez balitz, Kultura Batzordeak erabakiko du zer egin.

ESKAERAK: 

Eskaerak Zumaiako Udaleko erregistroan aurkeztu behar dira, astelehenetik ostiralera, 07:30etik 14:30era. Eskaeretan honako informazio xehatu hau jaso beharko da (eskaera bat egin behar da ikastaro bakoitzeko):

- Ikastaro-mota

- Ikastaroaren helburuak

- Proiektua: zer eta nola irakatsiko den

- Norentzat den ikastaroa

- Egutegiaren eta ordutegien proposamena eta ikastaroaren iraupena

- Titulua, curriculuma, gaitasuna

- Behar diren azpiegiturak: tokia eta baliabideak

- Aurrekontu zehatza

 KANONA:

Zerga-ordenantzek xedatutako prezioak kobratuko dira, eta horiek izango dira Udalak jasoko dituen sarrera bakarrak, ikastaroak ematearen ordainetan.

HAUTATZEKO PROZEDURA:

Jasotako eskaerak aztertzeko batzorde bat sortuko da. Honako hauek izango dira batzordekide:

- Udal-idazkaria

- Udaleko kontu-hartzailea

- Kultura-batzordeburua

- Kultura-teknikaria

Batzordeak proposatuko ditu,  jasotzen diren eskaerei erreparatuta, ze ikastaro, eta zein baldintzetan emango diren, bai eta horiek nork emango dituen ere. Proposamen arrazoitua izango da, eta, egoki iritzitako pertsona-kopurua proposa dezake batzordeak; ildo horretatik, ez da derrigorrezkoa izango pertsona bakarra izatea gai bateko ikastaro guztiak emango dituena.

Batzordeak alkatetzari aurkeztuko dio proposamena, hark onar dezan. Proposamenarekin bat ez baletor, alkateak zehaztu egin beharko ditu ezadostasunaren arrazoiak.

Kultura Batzordean jakinaraziko dira batzordearen proposamena eta alkatetzaren erabakia.

Zumaian, 2010eko maiatzaren 28an