Ikasturte berria hasteko hobekuntza lan ugari egin ditu Udalak herriko hezkuntza eraikinetan

2018/09/07

Sagarbiden, esaterako, patioan egin dira lanak bi helbururekin, batetik, irisgarritasun arazoei konponbidea ematea eta, bestetik, eremu natural eta jolas gune berriak sortzea. Zumaiena ikastetxe alboko haur-parkean ere hesia jarri da, haurren segurtasuna bermatzeko. Eskola Txikia haur-eskolan, bi gela elkartu dira eta Julenen gela ugari elkar komunikatu eta komunak eta arraskak jarri eta berritu dira. Ludotekan, geletako akustika eta intsonorizazioa hobetzeko lanak egin dira eta argiztapena ere aldatu da eta Arrangoletako jolaslekuan ere lanak egin ditu Udalak.

Etorkizuna eta, ondorioz, hezkuntza, bere jardunaren ardatz nagusietako bat izanik, Zumaiako Udalak uda sasoia aprobetxatu nahi izan du hezkuntza arloko hainbat eraikinetan hobekuntzak egiteko, horiek itxita dauden garaia aprobetxatuz.

Ikasturte hasera honetan, beraz, zenbait hobekuntza sumatuko dituzte gure herriko ikasleek. Sagarbiden, esaterako, egokitzapenak egin dira patioan. Zuhaitzen sustraiek hondatutako oinezkoen bideak egokitu eta eremu natural eta jolas gune berriak sortu dira, bide batez, patioan dauden zuhaitzen osasun egoera ere hobetuz. Irisgarritasun arazoei erantzuna ematea izan da helburuetako bat, baina, baita ere, ingurune horren potentzial ekologikoa handitzea, aipatu eremua ikastetxearen hezkuntza irizpideetara, egungo pedagogia eredura eta bereziki ikasle zein irakasleen beharretara egokituz. Haurren segurtasuna bermatzea bereziki garrantzitsua izanik, Zumaiena ikastetxe alboko haur-parkean ere egin dira lanak zentzu horretan, hesi bat jarri da, haurren segurtasuna bermatzeko.

Eskola Txikia haur-eskolan, bestalde, bi gela elkartu dira eta Julenen gela ugari elkar komunikatu eta komunak eta arraskak jarri eta berritu dira, egungo hezkuntza irizpideetara egokitu eta haurren zirkulazio librea bermatzeko. Ludotekan, geletako akustika eta intsonorizazioa hobetzeko lanak egin dira eta argiztapena ere aldatu da. Arrangoletako jolaslekuan ere lanak egin ditu Udalak, hain zuzen, arbel bat jarri du haurrek margo dezaten.

Herriko haur, gazte zein nerabeei zuzenduriko azpiegiturak eta formazio zein heziketa aukerak hobetzea eta hezkuntza arloa indartzea ezinbestekoa da Udalarentzat eta helburu horrekin egin ditu lan guztiok hezkuntzaren udako atsedenaldia aprobetxatuz.