Iker Arozenak irabazi du aurtengo inauterietako kartel lehiaketa
Aurkeztutako lanekin erakusketa egingo da Foronda Kultur Etxean gaurtik aurrera. Ostiralean, berriz, santelmoak antolatzeko bilera irekia egingo da udaletxean.
Iker Arozena zumaiarra izan da aurtengo inauterietako kartel lehiaketako irabazlea. Udalak urtero antolatu ohi du lehiaketa eta kartel irabazleak iragartzen ditu ate joka diren inauteri jaiak. Otsailaren 12an hasiko dira aurten inauteriak Zumaian (Deskargatu egitaraua hemen).
Orain, kartel lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin erakusketa egingo da Foronda Kultur Etxean. Gaurtik (asteartea) aurrera, zabalik egongo da erakusketa.
Ostiralean, santelmoak antolatzeko bilera
Ostiral honetan, berriz, San Telmo jaiak antolatzeko bilera irekia egingo da udaletxean. Apirilaren 9tik 18ra bitartean ospatuko dira aurten santelmoak Zumaian, eta prestaketa lanetan herritarrek ere parte-hartzea nahi du Udalak, elkarlanean egitarau aberatsa osatzeko asmoarekin. Ostiralean, 19:00etan izango da bilera udaletxean.



