Terrazen ordenantza berriaren zirriborroari ekarpenak egin dakizkioke

2020/01/16

Otsailaren 4an eta 6an merkatariekin eta ostalariekin bilduko dira udal ordezkari eta teknikariak, hurrenez hurren. Herritarrek udal webgunearen bidez egin ditzakete ekarpenak.

Zumaiako Udala Zumaiako jabetza eta erabilera publikoko lurzoruak ostalaritza eta merkataritzarako nola okupatu arautzen duen ordenantza berria lantzen ari da. Udal ordezkari eta teknikariek merkatari eta ostalariekin hainbat saio egin dituzte azken asteotan, ordenantza berriarekin edukia elkarrekin lantzeko. Ekarpen horiek kontutan hartuta osatu da zirriborra.

Udal Gobernuak otsaileko osoko bilkuran landu nahi du gaia. Bitarte horretan, merkatari eta ostalariekin saio bana egingo dituzte. Herritarrek ere ekarpenak egin ditzakete tarte honetan.

Merkatariekin eta ostalariekin saioak

Otsailaren hasieran merkatariekin eta ostalariekin bilduko dira berriro udal ordezkari eta teknikariak. Merkatariekin otsailaren 4an, asteartean, bilduko dira, 15:30ean. Ostalariekin otsailaren 6an, ostegunean, jarri dute hitzordua, 16:30ean. Bi saioak udaletxean izango dira.

Udalaren izenean, bilerara bertaratuko diren edo ez baieztatzea eskatu dute: Turismo Bulegoan, 943143396 telefonoan edo turismoa@zumaia.eus helbidean.

Herritarren ekarpenak

Herritarrek ere ordenantzaren zirriborroari ekarpenak egiteko aukera dutela jakinarazi dute udal ordezkariek. Horretarako, zumaia.eus udal webguneko Zeuk idatzi atalean sartu beharko dute.

[ZIRRIBORROA] Zumaiako jabetza eta erabilera publikoko lurzoruak ostalaritza eta merkataritzarako nola okupatu arautzen duen ordenantza