Iñaki Agirrezabalaga: “Egindako lanaren errekonozimendua izan da Geoparkearen izendapena”
Zumaiako alkatea "gustura" dago Zumaiak, Debak eta Mutrikuk aurkeztutako hautagaitza Geoparkeen sarean onartu dutelako.
Joan den ostiralean, urriaren 1ean, eman zuen jakitera Geoparkeen Sare Europarrak bere erabakia: Zumaiak, Debak eta Mutrikuk aurkeztutako hautagaitzak ebaluazio fasea gainditu eta Europako geoparkeen sarean onartu dute.
Greziako Lesbos irlan egiten ari diren geoparkeen nazioarteko biltzarrean jakinarazi dute ebaluatzaileek erabakia eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak bere poztasuna aurreratu du. Bere hitzetan “Geoparke izendapena erakusleiho bat da Europa osoan, hemen ditugun balore geologiko eta naturalak aditzera eman eta horiei lotutako garapen turistiko jasangarri bat aurrera eramateko”. Horretara bidean egin dute hiru herrietako ordezkariek hautagaitzaren aldeko ahalegina eta orain iritsi den izendapena, “egindako lanaren errekonozimendua da”, Zumaiako alkatearen arabera.
Proiektuaren garapenean aurrera
Hala eta guztiz, lana hemen ez dela amaitu azpimarratu du Agirrezabalagak: “Geoparkearen baloreak defendatzen jarraituko dugu eta aurkeztu dugun proiektuaren garapenean aurrera egiten jarraitzeko lan egin behar dugu”. Hiru herrietako alkateek aurki eskainiko dute izendapenaren inguruko informazio zehatzagoa eta prozesuaren balorazioa egingo dute.



