Iñaki Agirrezabalaga: “Kulturaren gidaritza herritarrek eramatea da praktikoena”

2011/01/24

Alondegiaren eraikina eraberritzean bezala, eraikin hori kulturaz betetzerakoan ere Udala herritarren iritzian oinarrituko da.

 

Zumaiako Udalak kultura herritarrek gidatzea nahi du, bai herriko kultur eragileak hausnarketan inplikatuta, eta, baita ere, herritarren esku utzita kulturaren norabidea markatzeko ardura.

Kulturgintzak ez dauka zentzurik herritarrekin batera egiten ez bada. Horregatik, Zumaiako Udalak inkesta bat pasatu die herriko kultur eragileei eta interesa azaldu duten herritarrei  beraien iritziak eta ekarpenak ezagutzeko.

Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako Alkateak azaldu duenez, “Legegintzaldia amaitu aurretik Oxford-eko Alondiga irekitzea eta martxan jartzea espero dugu. Zumaiako Udalarentzako proiektu hori estrategikoa da, herriko kultur azpiegituran ez ezik egitarauan ere eraberritzea ekarriko duelako. Aurreko Udal Gobernuak utzitako proiektua birdiseinatu behar izan genuen, hain zuzen, kulturgintzako politiken gidaritza herritarren eskuetan egotea nahi dugulako”.

Zumaiako Udalak erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiari Kudeatuz-eko partida kulturgintzan inbertitzea, horrela ziklo osoa itxiko delako. Kultur azpiegiturak herritarrekin batera diseinatu dira, eta orain azpiegitura horiek kulturaz betetzeko ere herritarrei egin zaie dei. Zumaiako Udalak herriko kulturgintzarekin konpromisoa hartua du, eta hemendik aurrera ere konpromiso horiei helduko die.

“Kulturaren gidaritza herritarren esku uztea ez da erabaki ideologikoa bakarrik, erabaki praktikoa da, batez ere. Udalari eragileek transmititzen dizkiote ondoen herriko behar  kulturalak zein diren. Kulturgintzako dirua alferrik ez xahutzeko uzten dugu kultur egitaraua herriko eragileen esku”, dio Iñaki Agirrezabalagak.

Testuinguru horretan, Zumaiako Udalak eskerrak eman nahi dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Edurne Egaña foru diputatuari ‘Kultura Zumaian 2020’ martxan jartzen laguntzeagatik.

Herritarren parte hartzean oinarritutako kultur dinamika sortu nahi da. Horretarako, parte hartu nahi duten herritarrekin bilerak egingo dira. Lehenengoa, datorren astean, hilaren 26an, izango da 19:00 Foronda kultur etxean. Bilera horietan gaur egun Zumaian dugun egoeraren diagnosia egingo da, eta aurrera begirako erronkak zein diren zehaztu, eta, etorkizunari begira, Zumaian kulturaren arloan egin nahi dena zehaztuko da. Bilera horiek aholkulari talde batek gidatuko ditu, eta Udala etengabean egongo da harremanetan talde horrekin. 

Hasiera batean, bi edo hiru bilera egingo dira eragile eta interesdunekin. Hala ere, prozesuan bilera gehiagoren beharra ikusten bada, gehiago egiteko aukera ez da baztertzen.  Hilaren 26an egingo den lehen bileran, sarrerako azalpenak emango ditu Iñaki Agirrezabalaga alkate eta kultura batzordeburuak.