Mojaxarren komenturako herritarrek egindako proposamenetatik "komunean ziren ezaugarriak batzen" saiatu da Udala

2010/05/05

Aterpetxea, lorategi publikoa, jatetxe/taberna eta areto balioanitza dira Udalak komentuaren erabilpenerako adostu dituen ardatz nagusiak.

 

Apirilean www.zumaia.net-en Iñaki Agirrezabalaga alkateak egindako elkarrizketa digitalean aurreratu zuen mojaxarren komentuaren erabilpenaren inguruan Udalak hartu duen erabakia. Gaur, asteazkena, erabaki horren xehetasunak eman dituzte Agirrezabalaga alkateak eta Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak.

Azaldu dutenez, aterpetxea, lorategi publikoa, jatetxe/taberna eta areto balioanitza izango dira komentuaren etorkizuneko proiektuaren ardatz nagusiak. “Hortik abiatuta proiektuaren idazketa abiatuko dugu aurten, eta behin proiektua egina eta zehaztuta daukagunean, egingo dugu proiektuaren bideragarritasun plana”, azaldu du Hirigintza zinegotziak.

Eraikinaren erabileran herritarrek euren ekarpenak egiteko prozesu bat abian jarri zuen Udalak aurreko urtean. Dinamika hartatik zazpi proiektu edota proposamen jaso ziren herritarren eskutik. “Herritarrek egindako proposamen horiek aztertu eta hainbat elementu komunean zituztela ikusi genuen. Beraz, komunean ziren ezaugarri horiek batzen saiatu gara Udalean, beste zenbait helbururekin batera”, esan du Agirrezabalaga alkateak. Ildo beretik, "ateak zumaiar guztiei irekitzea izan da asmoa, eta era horretan, erabiltzaile ahalik eta anitzenak bilatzen saiatu gara", azaldu du Etxanizek.

Lau ardatz nagusi

Aterpetxe gisa egokituko da eraikina batetik eta hasiera bateko asmoen arabera, “urte guztian egongo da zabalik zerbitzua. “Aterpe irekia izango da. Familientzako, gazteentzako, ikastetxeentzako edota baita herrian egiten diren kultur arloko ekitaldietara etortzen diren partaideek ostatu hartzeko”, adierazi dute Udaleko ordezkariek. Horrekin batera, kaperari egokitzapenak egingo zaizkio formatu txikiko kontzertu edota emanaldientzako eta eraikinean taberna/jatetxea ere egokituko litzateke, “Alde Zaharra biziberritzeko asmoari jarraituz”. Eta azkenik, lorategi publikoa izango luke komentuak, herritarrei irekita egongo den lorategia. Agirrezabalaga eta Etxanizek azaldu dutenez, “baratzeen eremuari lotutakoa zen jasotako proposamenetako bat, eta aztertzen egon ondoren, ondorioztatu dugu bertako distribuzioa eta tamaina ez dela egokiena zerbitzu hori emateko”. Hori horrela, lorategi publikoa zabalduko litzateke komentuan.

“Proiektua berehalakoan” ez dela egingo aipatu dute udal-ordezkariek. "Prozesuak denbora beharko du. Aurten proiektua idatzi eta bideragarritasun plana gauzatzea izango da gure asmoa. Ondoren, finantziazio bideak aurkitzea izango da Udalaren egitekoa eta ziurrenik faseka gauzatuko den proiektua izango da”. Maiatzaren bukaeran egingo dute proiektuaren idazketa abiatu ahal izateko kreditu aldaketa. Izan ere, udal aurrekontuen proposamena ez zuen ontzat eman udalbatzak eta beraz, iazko aurrekontua luzatu zen.

Aterpea irekita erromesentzat

Alkateak azaldu du, beste urteetan bezala, aurtengo udan ere komentua irekita egongo dela Done Jakue bideko erromesentzat. Eraikinaren egoerari erreparatuta, “erabilera murriztua” dauka aterpeak, baina beste urteetan bezala, eta eskariei erantzun asmoz, aterpearen zerbitzua eskaintzen jarraituko du Udalak, “aurten gainera, Done Jakueren urtea ospatuko da”.