Iñaki Agirrezabalaga, Bilduko zerrendaburua, da Alkate berria

2011/06/11

Iñaki Agirrezabalagak 7 boto jaso ditu, Montse Aranak 5 eta Emiliano Cabañasek 1.

 

Goizeko 09:00etan izan den plenoan, Iñaki Agirrezabalaga hautatu dute berriro ere Zumaiako Alkate. Iñaki Agirrezabalagak 7 boto jaso ditu, Montse Arana EAJko hautagaiak 5 eta PSE-EEko Emiliano Cabañasek 1. Beraz, alkatetza hautatzeko bozketan erabaki da Agirrezabalaga izatea alkate.

Alkate izendatu ostean, herriko historiari errepaso bat eman dio Agirrezabalagak. Horrela gogoratu du, 664. urtean Anfontso XI. erregeak eman ziola Herri-gutuna Zumaiari. Ordutik, 295 alkate aukera egin dira; gaurkoa 296. izan da.

Ondoren, gogoan izan ditu herrian alkate izan diren zenbait, eta Zumaiak inguruko herriekin izan dituen hainbat haserre edo liskar. Horrekin batera, gogoan izan ditu baita ere, zerrendetan aurkeztu ezinik gelditu direnak; "historian idatzita geratuko da, gaur egunean aukeratuak izaterik ez duten zenbait pertsonen egoera ere", azaldu du. 

Bukatzeko, "herria eta herritarrak" direla helburu gogoratu du. "Elkarpuntuak bilatu ditzagun, eta ezinbestean horrelakorik gertatzen ez bada, bakoitzak berea defenda dezala errespetuz, eta gehiengoak adierazten duena aurrera eraman", esan du. Eta guztiak herritarren eta herriaren alde lan egiteko animatu ditu.