Iñaki Agirrezabalaga: “Herriko merkatariek dinamismo handia daukate, eta horri esker da posible Zumartian bezalako plataforma sortzea”

2010/06/01

Gaur (ekainak 1, asteartea) aurkeztu dute ofizialki herriko merkataritzaren eta turismo eskaintzaren pizgarri izateko asmoz sortu berri den Zumartian plataforma. Aurkezpen ekitaldian antolatu duten lehendabiziko ekitaldiaren berri eman dute, 'Slow Zumaia I. Hamabostaldia'.

 

Zumaiako merkataritzaren eta turismo eskaintzaren pizgarri izateko asmoz sortu berri da Zumartian plataforma eta herriko komertzio eta enpresa desberdinak uztartzen ditu. Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkateak azaldu duenez, “Udalak apustu garbia egin izan du herriko komertzioa sustatzeko lanetan. Hala eta guztiz, herriko merkatariek daukaten dinamismo handi horrek egiten du posible Zumartian bezalako plataforma sortu eta egiten ari garen urratsak egitea”. Zumaiako Merkatari Elkartea da Zumartianeko partaide nagusiena, eta horrez gain, Udalak eta beste zenbait zerbitzu enpresa eta elkarteak ere osatzen dute.

Plataformaren aurkezpen ekitaldian azaldu dutenez, “komertzio eta zerbitzu desberdinen arteko elkarlana” ahalbidetuko du Zumartianek, eta dagoeneko lehendabiziko urratsak egiten hasi da. Izan ere, gaur bertan aurkeztu dute Zumartianeko kideek elkartearen lehendabiziko ekimena: 'Slow Zumaia. Gastronomia eta Natura Iraunkorraren I. Hamabostaldia'.

Slow Food elkartearekin batera, antolatu dute hamabostaldia eta Zumaian ospatuko da, ekainaren 1etik 20ra bitartean. Aberatsa da prestatu duten egitaraua eta era askotako ekitaldiak eskainiko dira: pintxo lehiaketak, hitzaldiak, afariak, hazien tailerra, zaporeen tailerra edota bertso-poteo eta txalupaz egindako ibilaldiak, besteak beste. 'Slow Food Gipuzkoa' elkarteko kide Orkatz Goenagak ere parte hartu du gaurko ekitaldian eta “ona, garbia eta justuaren” terminoetan oinarritzen da mugimendu hau: “ona, guztiok daukagulako produktu onak kontsumitzen eskubidea; garbia, produktuak sukaldatzeko erak edo bestelako teknikek garbiak izan behar dutelako; eta justua izan behar du mundu osoarekiko, ekoizletik hasi eta azkeneko kontsumitzailearenganaino”.

Bukaeran Artisau eta Nekazaritza azoka

Hamabostaldiaren azkeneko egunean, eta Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean, artisau eta nekazaritza azoka egingo da. Hilaren 20an izango da hori eta beste hainbat ekitaldiren artean, sukaldariek erakustaldia egingo dute goiz partean.

Gastronomia eta Natura Iraunkorraren I. Hamabostaldia

Ekainak 1, asteartea: Ostalarien arteko topaketa: Slow food-eko sukaldarien eskutik. 16:00etatik aurrera, Marina Berrin.

Ekainak 4, ostirala, Zelai Hotelean:
-Pintxo lehiaketa. 16:00etatik aurrera. Epaimahaia: Gipuzkoako Slow food-eko sukaldariak.
-Hitzaldiak 18:00etatik aurrera.
-Slow food afari gastronomikoa plateren azalpenarekin. Edozeinek har dezake parte. 21:00etan izango da eta erreserbak 943-865100 telefonoan egin behar dira. 35 euro (+BEZ) kostako da afaria.

Ekainak 7, astelehena: hitzaldia Gure Txokoa tabernan 19:00etan. ‘Ereiten proiektua, landa eramua eta bertako produktuak gizarteratzeko proiektua’. Orkatz Goenaga.

Ekainak 8, asteartea: 17:00etan hazien tailerra Ludotekan, eta 19:00etan hitzaldia Zumaia Hotelean: ‘Baratza hirian’, Pedro Ferrero.

Ekainak 9, asteazkena: hitzaldia Basusta jatetxean 19:00etan, ‘Baserria eta gizartea’ Biolur. Pello Rubio.

Ekainak 10, osteguna: 17:00etan Zaporeen tailerra Ludotekan eta 19:00etan hitzaldia Trapaia tabernan: ‘Nekazaritza ekologikoaren Kontseilua’, ENEEK bertako ekoizleak eta Goiabe produktuen degustazioa.

Ekainaren 7tik 12ra: Tabernetan pintxoa + ardo ekologikoa 2 eurotan. Jatetxeetan menu bereziak eta otarraren zozketarako boletoak oparitzea.

Ekainaren 7tik 13ra: Zumaia Garbia gaztetxoen marrazki lehiaketa.

Ekainak 12, larunbata: Herriko bertsolariekin bertso-poteoa 19:00etan.

Ekainak 13, igandea: ibilaldi txalupaz Flysch-a ezagutzera (Zumaia elkartearen txartelarekin %20 merkeago). 10:00etan hondarrezko irudiekin egindako tailerra Itzurun hondartzan eta hamaiketako berezia frutarekin.

Ekainak 20, igandea: Egun osoan zehar, Artisau eta Nekazaritza Azoka. 9:30etik 11:00etara sukaldarien erakustaldia, bertan janaria erosi eta prestatuta.