Iñaki Ostolaza izango da berriro Zumaiako alkatea

2023/06/19

Larunbatean egindako osoko bilkuran osatu zen udalbatza berria. Iñaki Ostolaza izendatu dute Zumaiako alkate datozen lau urtetarako.

Pleno aretoa herritarrez beteta zela eratu zen larunbatean 2023-2027 agintaldirako udal korporazio berria. Udalbatzako nagusienak eta gazteenak gidatu zuten ekitaldia: Joxemi Antiak eta Mireia Aranbarrik. Idazkariak udaleko ondasun eta kutxaren berri eman ondotik, zinegotziek banaka zin egin zieten beren karguari, eta alkatea hautatzeko botoa eman zuten jarraian. 

Bertan, Iñaki Ostolaza izendatu zuten Zumaiako alkate datozen lau urtetarako, aldeko hamar boto eta zazpi boto zurirekin. Bere hitzartzean etxekoentzat, zinegotzi ohi nahiz EH Bilduren talde osoarentzat esker hitzak izan ditu, eta datozen lau urteetan arduraz ariko dela nabarmendu zuen. Portugalgo krabelinen iraultzari erreferentzia eginez, eta Jose Zeca Afonso abeslariaren Grândola, Vila Morena abestia aipatuz, agintea herritarrena dela eta haien mesedetan ariko direla nabarmendu zuen.

Maiatzaren 28ko hauteskundeetatik hiru astera hartu dute kargu publikoa zinegotzi berriek, eta, aurrerantzean, hurrengo lau urtetan, EH Bilduko hamar ordezkarik, EAJko bost zinegotzik eta PSE-EEko ordezkari batek osatuko dute udalbatza. Honakoak izango dira udalbatza osatuko duten ordezkariak: Iñaki Ostolaza, Argi  Yeregi, Aitor Manterola, Marina Bidasoro, Asier Arakistain, Maite Egaña, Unai Larrañaga, Joxe Mari Azkue, Nerea Goiria eta Itziar Etxabe izango dira EH Bilduko udal taldeko ordezkariak; Josemi Antia, Iker Mardaras, Ainhoa Illarramendi, Xabier Odriozola, Mireia Aranbarri eta Ander Olaizola EAJ-koak; eta Duñike Agirrezabalaga PSE-EEkoa.

Udalbatza.berria.JPG