Inauguratu dute bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua

2009/06/15

Herriko lau kokagunetan jarri dituzte bizikletak maileguan hartzeko puntuak: Amaia plazan, estazioan, Alai auzategian eta kiroldegiaren ondoan. 05:30etik 23:00etara egongo dira bizikletak erabilgarri, eta, bataz beste, hamar euroko kuota ordaindu beharko dute herritarrek urte osoko zerbitzuaren truke.

 

Gaur (ekainak 15, astelehena) inauguratu dute 'Mugi' bizikletak maileguan hartzeko Zumaian ezarri duten zerbitzu berria. Iñaki Agirrezabalaga alkateak herriko “mugikortasun politikaren barnean” kokatu du zerbitzu berri hau: “mugikortasun planaren barnean, hainbat ekimen abian jarri nahi ditugu Udaletik. Gaur horietako bat inauguratu dugu eta urtea bukatzerako etorriko dira beste batzuk, auzoak herrigunearekin lotzeko abian jarriko dugun autobus zerbitzua esaterako”. 


Herriko lau kokagunetan ezarri dituzte bizikletak maileguan hartzeko puntuak: Amaia plazan, estazioan, Alai auzategian eta kiroldegiaren ondoan. Alkateak adierazi duenez, Zumaiak bizikletan "eroso" ibiltzeko moduko ezaugarriak betetzen ditu: “herriaren orografia laua da oro har, eta bidegorri sare bat ere egina dauka dagoeneko, berritu eta luzatzeko asmoa duena gainera. 


Egunero, 05:30etik 23:00etara egongo da zerbitzua erabilgarri. Andoni Etxaniz ingurumen zinegotziaren arabera, "aurretik martxan dauden beste zerbitzu publiko batzuen osagarri gisa" ulertu behar da zerbitzua. Horregatik kokatu dute bizikletak alokatzeko eremu bat tren geltokian eta trenaren ordutegia ere kontuan izan dute zerbitzuaren iraupena kontuan hartzerako orduan. 


Zerbitzua erabili ahal izateko, aurrez txartela atera beharko da. Urte osoan zerbitzua erabili ahal izateko hamar euro ordaindu beharko dute 17 urtetik gorako herritarrek. 14 eta 17 urte bitartekoei, berriz, 5 euro kostako zaie eta jubilatu eta langabetuentzako doako zerbitzua izango da.

 

Mugi


Bizikleten alboan panel informatiboa

Etxanizek jakinarazi duenez, zerbitzua erregulatzeko araudia osatzen ari dira momentu honetan. Zerbitzuaren inguruko informazio guztia, bizikletak maileguan hartzeko guneetan kokatu dituzten panel informatiboetan kontsultatu ahal izango du herritarrak, baita araudia ere. Lau hizkuntzatan eskainiko da informazioa paneletan. 


Emaus Sozietate Kooperatiboak kudeatuko du zerbitzua. Emauseko Conchy Perez Subinasek azaldu duenez, zumaiarrak izango dira zerbitzuaren mantentzeaz arduratuko diren langileak.

Bisitarientzako zerbitzua

Herritarrez gain, bisitariek ere erabili ahalko dute bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua. Hala, bi txartel mota ezarri dituzte horretarako: 21 bidaiako txartela eskuratu nahi duenak bost euro ordaindu beharko ditu; 90 bidaiakoa hartzen duenak, berriz, hamar euro. Bizikleta egun baterako erabili nahi dutenek, turismo bulegoan dauden bizikletak erabili ahalko dituzte, doan.

Izen-ematea

Perezek azaldu duenez, lehenengo hamabost egunetan Turismo Bulegoan eman ahalko da izena. Behin epe hori igaro ondoren, 900 840 345 telefonora deituta edo www.biziprest.com/mugi helbidearen bitartez eskatu beharko da txartela.