Inauguratu dute Jadarre auzoko igogailua

2009/07/10

Jada bukatuta daude auzoa eraberritzeko lehenengo faseko lanak. Udalak igogailua jarri die Jadarre auzoko bizilagunei beheko plazatik goiko etxebizitzetarako irisgarritasuna errazteko. Ildo beretik, auzoaren zati bat eraberritu eta espaloiak zabaldu ditu.

 

Gaur (uztailak 10, ostirala) inauguratu dute Jadarre auzoko igogailua. Amaituta daude jada Jadarre auzoko lehenengo faseko lanak eta gaur jarri dute martxan igogailua. Bizilagunek hainbat hobekuntza izango dituzte orain auzoan eta “oso gustura” agertu dira gaur inaugurazio ekitaldira. “Sekula ez da zentimorik gastatu gure auzoan eta bazen garaia norbaitek hemen esku hartzeko”, zioen Jadarreko bizilaguna den Manuel Duranek.

“Jadarre auzoa albo batera utzita egon izan da urte askoan. Lehenengo faseko lanak bukatuta, zenbait hobekuntzaz gozatu ahalko dute auzotarrek. Orain, Udalaren lana finkatuta dauden hurrengo faseekin jarraitzea izango da”, azaldu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak.

Andoni Etxaniz hirigintza zinegotziarentzat ez da lorerik falta izan gaurko ekitaldian. Auzotarrek adeitasunez eta esker onez hartu dute hirigintza zinegotzi eta euren bizilaguna. Etxanizek eskerrak beraiei eskaini dizkie, agertu duten pazientzia eta adeitasunagatik. "Urrian hasi genituen auzoa eraberritzeko lehenengo faseko lanak eta ordutik hona hainbat egokitzapen egin behar izan dira lanen bilakaeran. Aparteko jarrera erakutsi duzue Jadarreko bizilagunek exekuzio honetan guztian eta Udaletik eskerrak eman nahi dizkizuegu guztioi", azaldu du. 

 

Hobekuntza nabarmenenak

Udalak igogailua jarri die Jadarre auzoko bizilagunei beheko plazatik goiko etxebizitzetarako irisgarritasuna errazteko. “Adineko pertsona asko bizi da egun Jadarren eta igogailu baten beharra handia zen”, aipatu du Jadarreko bizilagun batek. Ildo beretik, auzoaren zati bat eraberritu eta espaloiak zabaldu ditu Udalak. Argiteria publikoaren instalazioak, berriz, lurpetik pasa dira -orain artean airez pasatzen ziren, eraikinen fatxadetatik-. 

 Jadarre_inaugurazioa1



Bigarren faseko lanak ere laster abiatuko dira. Auzoa eraberritzeko lanei jarraipena emango zaie bigarren fase horretan eta auzoan plaza bat egokituko dute, besteak beste. Hirugarren fasean, berriz, auzoaren goiko zonaldean egingo dira exekuzioak nagusiki.

Igogailuaren ezaugarriak

Goizeko zazpietatik gaueko hamaiketara publikoa izango da igogailua, edozeinek erabili ahalko du. Ordu horretatik aurrera erabili nahi bada, ordea, txartela ateratzea beharrezkoa izango zaie bizilagunei. Igogailua gauez erabili nahi duten bizilagunentzako txartelak udaletxean jaso beharko dira. Etxebizitza bakoitzeko bi txartel banatuko ditu Udalak eta datorren astelehenean jakinaraziko zaie noiz pasa behar duten udaletxetik jasotzera. 


Jadarre_inaugurazioa2
Jadarreko bizilagunek egun handia zuten gaurkoa. Oso gustura agertu dira eta zoriondu egin dituzte Udaleko ordezkariak. Alkate eta alkateordeaz gain, Udaleko arkitektoa eta aparejadorea eta obra egikaritu duten enpresetako ordezkariak izan dira inaugurazio ekitaldian. Udaleko hirigintza batzordeko kide den Emiliano Cabañasek ere parte hartu du ekitaldian. Guztiek elkarrekin luntxa egin dute gero.